Lan gatazkak

Ertzaintzak bi behargin atxilotu ditu Zornotzan, metalgintzako protestetan

Istiluak egon dira goizaldean Bizkaiko hainbat lantegitan, Ertzaintzak piketeei aurre egin ondoren. Metalgintzako grebara deitu dute ELAk, LABek, CCOOK eta UGTk sektoreko itunaren alde. 50.000 behargin inguru ari dira alor horretan.

Errepidea moztuta, gaur goizean, Zornotzan (Bizkaia). LAB
xabier martin
2019ko ekainaren 20a
07:39
Entzun

Langile gehien dituen Bizkaiko industria alorrean greba dago. Gaurko eta biharko lanuztera deitu dute sindikatu nagusiek, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk, eta istiluekin hasi da mobilizazioa gaur. Hainbat enpresaren atarian piketeak informazio lana egiten ari zirela Ertzaintza azaldu da, eta tentsio uneak egon dira. Zornotzan, bi langile atxilotu dituzte, Ertzaintzak berak berri eman duenez. 08:30ean hasi dira istiluak han, Montorrako industrialdean. Grebalariek barrikada bat egin dute pneumatikoekin, eta sua eman diote, Ertzaintzaren arabera. "Agintaritzaren aurkako atentatua" egiteagatik hartu dituzte atxilo beharginak.

Ekainaren 6ko greba egunean ere istiluak egon ziren langileen eta Ertzaintzaren artean; orduan, Boroako industrialdeean. Ertzaintzaren esan zuen agente bat zauritu egin zela. Istiluak ez dira bakarrik Zornotzan izan, hala ere. Ermuko Estampaciones Metalicas EGI enpresaren aurrean ere, behargin talde handi bat pikete lana egiten aritu da goizean, eta Ertzaintza oldartu egin zaie. Enpresak hainbat kalte izan ditu, BERRIAk jakin ahal izan duenez.

Izan ere, ez atzera ez aurrera daude oraindik ere Bizkaiko metalgintzako ituna lortzeko negoziazioek. Hogei bider elkartu dira alde biak, baina oraindik ez da ezer lortu. Lau sindikatu nagusiek —ELA, LAB, CCOO eta UGT— plataforma bateratu bat eratu zuten maiatzean proposamen bateratuak eramateko mahaira, eta, maiatzaren 17ko bileran, patronalak aztertzeko denbora eskatu zien. Greba egun bat egin zuten tartean —deitzaileen arabera, arrakastatsua—, eta, berriro ere mahaian eseri direnean, akordiorako zantzu gutxi sumatu dute.

"Arduragabeak"

FVEM metaleko patronalak sindikatuei «arduragabeak» izatea leporatu die egunotan, negoziazio mahaian eserita egonda ere grebarako deia egina dutelako. «Arduragabeak haiek dira", dio Mikel Etxebarria ELAko arduradunak; "proposamen bateratua egin aurretik ere eduki gehienak ezagutzen dituztelako. Zenbat bilera gehiago egin beharko ditugu? Ekarri duten azken proposamena aurretik mahai gainean jarritakoak baino okerragoa da».

Bistan da: lan gatazka gogortzen ari da azken egunetan, eta gaur goizeko jardun istilutsuak egoera gehiago gaiztotu dezake. Hainbat enpresetan eragindako kalteek eta beharginen atxiloketek ez dute lagunduko. Eta gainera, sektorean zabaltzen hasi da uda amaieran greba luzeago bat prestatzen ari ote den. Aldeak ez badira ados jartzen irailerako, egin daitezkeen lanuzteak ez lirateke bi egunekoak izango, luzeagoak baizik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.