INDARKERIA MATXISTA

Sanferminetako bortxaketa sexu erasoa izan zela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak

Auzitegiak 15 urteko espetxe zigorra ezarri die akusatuetako lauri, eta 17koa bosgarrenari. Epaileek aintzat hartu dituzte Fiskaltzaren eta akusazio partikularren eskariak, aho batez.

Akusazioetako eta defentsako abokatuak, fiskala eta epaia eman duten bost magistratuak, gaur, Espainiako Auzitegi Gorenean. BERRIA
Ion Orzaiz - Hodei Iruretagoiena
2019ko ekainaren 21a
10:36
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak hartu du erabakia, aho batez: 2016ko sanferminetan emakume batek jasan zuen bortxaketa sexu erasoa izan zen. Horrenbestez, akusatuei ezarria zitzaien bederatzi urteko zigorra gogortu eta 15 urteko espetxealdia ezarri die bost erasotzaileetako lauri. Bosgarrena, berriz, 17 urtera zigortu dute, bortxaketa delitu jarraitua ez ezik, intimidazio bidezko lapurreta ere egotzi diote, biktimari sakelakoa lapurtzeagatik. Nafarroako Probintzia Auzitegiak zigortuak bilatu eta atxilotzeko agindua eman du, eta berehala atxilotu dituzte denak: Antonio Manuel Guerrero Escudero, Jesus Escudero, Jose Angel Prenda, Alfonso Jesus Cabezuelo, eta Angel Boza.

Gorenak ohar batean azaldu duenez, sanferminetako bortxaketa sexu eraso jarraitutzat jotzeko gakoa izan da erasoa "benetako intimidazio egoera" batean gertatu izana: "Biktima ez zen inongo momentutan akusatuek egin zizkioten sexu erasoez kontziente izan. Intimidazio egoera horrek eragin zuen biktimak menderakuntza jarrera bat hartzea, erasoaren egileek esaten ziotena eginez, egoerak sortutako angustia eta muturreko itomen sentsazioaren aurrean".

Datozen egunetan egingo dute publiko sententzia; erabakia jakinarazteko autoa zabaldu dute gaur. Espetxe zigorrez gain, 20 urtez biktimarengana hurbiltzeko debekua ezarri diete erasotzaileei, eta 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote biktimari. Gorenaren erabakia irmoa da dagoeneko, baina Nafarroako Lurralde Auzitegiari dagokio zigorrak betearaztea.

Fiskaltza: "Ezin zaio biktimari jarrera heroikoa exijitu"

Saio teknikoa izan da gaurkoa. Aurreko bi prozesuetan agertutako jarrera, diskurtso eta argudio juridikoei eutsi diete alde guztiek: alde batetik, Nafarroako auzitegiek —Probintzia Auzitegiak eta Justizia Auzitegi Nagusiak— bortxaketari emandako “sexu abusu” kalifikazioa aldatu eta gertatutakoa “sexu eraso” gisa izendatzeko eskatu dute fiskaltzak eta akusazioek. Defentsako abokatuak, berriz, ez du onartu delitua egon zenik ere: absoluzioa eskatu du akusatuentzat.

Aldagai garrantzitsu bat dago abusu eta eraso kalifikazioen artean: indarkeria. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko epaimahaiak onartu zuen bost akusatuak “nagusikeriaz” eta “abantailakeriaz” jokatu zutela, eta hori baliatu zutela biktimari izua eragin eta mendean hartzeko. Magistratuek, baina, ez zuten hori guztia indarkeriatzat hartu, eta abusu kalifikazioari eutsi zioten. Horregatik, auzia Gorenera iritsi denean, indarkeriaren kontzeptuaren inguruan eraiki dituzte euren diskurtsoak alde guztiek: alegia, zer den indarkeriaz jokatzea eta pertsona bat bere borondatearen kontra mendean hartzea.

Isabel Rodriguez Auzitegi Goreneko fiskalaren ustez, frogatutako nagusikeria eta mehatxuzko jarrera hori “bada, berez, indarkeria mota bat”. Horregatik, 2016ko sanferminetakoa “bortxaketa jarraitua” izan zela azpimarratu du. Nafarroako auzitegiek aipatutako “abantailakeria” aurrean, “larderia” terminoa erabili beharko litzatekeela ondorioztatu du: "Abantailakeria hitza erabiltzen da, erasotzailearen nagusitasuna ikusita, biktimak onespena ematen duenean, behartuta. Kasu honetan, ez zen halakorik gertatu: frogatutako egitateen artean ez dago biktimaren onespenaren arrastorik; akusatuek ez zioten ezer galdetu, eta beren presentzia eta jarrera hutsarekin, biktima makurrarazi zuten. Larderiaz menderatu zuten, neskak ezin baitzuen beste ezer egin". Fiskalak gaineratu du biktima bati ezin zaiola, halako egoeretan, “jarrera heroiko bat” exijitu, "ezezko irmo bat adierazita, bere bizitza edo osasun fisikoa arriskuan jar dezakeelako".

Rodriguezen esanetan, biktimaren sakelako telefonoa lapurtu eta SIM txartela lurrera botata, bost akusatuek "oztopatu” egin nahi izan zuten “biktimak laguntza eskatzeko zeukan modu bakarra”. Fiskalaren aburuz, gainera, “deigarria” da sakelakoa lapurtu zuen erasotzailea guardia zibila izatea: “Bazekien larrialdi dei bat agudo egiteak berebiziko garrantzia izan dezakeela, eta bide hori itxi nahi izan zion biktimari”. Hori dela eta, bost akusatuei ezarritako zigorra gogortzeko galdegin du: bederatzi urteko espetxealditik 18 urtera.

Herri akusazioa: "Indarkeriak forma ugari har ditzake"

Herri akusazioaren txandan, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren abokatuek ere sexu erasotzat jo dute talde bortxaketa. Iruñeko Udalaren izenean, Victor Sarasa abokatuak nabarmendu du aurreko sententzietan frogatuta gelditu zela biktima “bultzaka” sartu zutela ezkaratze batera, eta “isilik egotera” behartu zutela. Barruan, indarkeria “areagotu” egin zela azaldu du abokatuak: “Bortxa eta indarkeria hasieratik beretik erabili zuten, indarkeriak forma ugari har ditzakeelako. Kasu honetan, biktimaren borondatea anulatzeko erabili zuten”.

Defentsako abokatu Agustin Martinez Becerrak, aldiz, bost akusatuen absoluzioa eskatu du, zalantzan jarri du biktimaren testigantza eta eutsi egin dio “adostutako sexu harremanen” tesiari: “Ez ziren bost otso, neska baten inguruan. Salatzaileak nahikoa zuen ezetz esatearekin, eta ez zuen halakorik adierazi”. Martinezek ukatu egin du grabazioetan indarkeria zantzuak ikusten edo aditzen direnik, eta biktima uneoro “bere borondatez” aritu zela azpimarratu du behin eta berriro.

Aurreko epaiketak “berme juridikorik gabe” egin zirela ere nabarmendu du Defentsak: “Giro berezi bat sortu zen, presio sozial itogarri baten ondorioz, eta horrek kutsatu egin zuen epaimahaiaren deliberoa”.

Azken txandan, akusazioko abokatuek Martinez Becerrari erantzun diote “isiltasuna ez dela onespena”, eta ez dela beharrezkoa biktimaren ezezko esplizitu bat, sexu harremanak “baimenik gabekoak” izan zirela ondorioztatzeko. Aurreko epaiketak, berriz, “berme guztiekin” egin zirela azpimarratu dute akusazioetako abokatuek nahiz fiskaltzak. Biktimaren abokatuak, bestalde, “harridura” agertu du, “Defentsak zalantzan jarri nahi izan duelako frogatutako egitateen zerrenda osoa”. Abokatuak gogorarazi du hori, prozesuaren fase honetan, “ezinezkoa” zela jada: “Defentsak aukera izan zuen frogatutako egitateen zerrenda atzera botatzeko, eta ez zuen egin. Bi epaimahaik ontzat eman dituzte froga horiek, hortaz, ez du zentzurik orain atzera egin nahi izateak”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.