Oriok irabazi du denboraldiko lehen erronka, erlojupekoan

Hibaikak hirutik hiru irabazi ditu, eta lidergoari sendo eusten dio.

Orioko arraunlariak, garaipena ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2019ko ekainaren 22a
21:13
Entzun

Gizonezkoen Eusko Label ligak gaur ekin dio, Bilboko uretan, eta erlojuaren kontrako proba batekin, eta sasoiko traineru indartsuenak zein izan daitezkeen ikusteko lehen frogak erakutsi ditu.

Oriok dezenteko aldearekin irabazi du erlojupekoa (19.31:22); hamabi segundo eta erdiko aldea atera dio bigarrenari. Baina hortik aurrera, oso estu eta lehiatuta aritu dira hurrengo lau taldeak, bigarrenaren eta bosgarrenaren artean bi segundo eskaseko tartea izan baita. Santurtzi izan da bigarrena gaur (19.43:80); Zierbena, hirugarrena (19.44:64); Hondarribia, laugarrena (19.44:84); eta Urdaibai, bosgarrena (19.45:62).

Haiengandik koska batera bukatu ditu lanak Donostiarrak, gaurko seigarrenak. Urdaibaikoengandik bederatzi segundora, eta Oriokoengandik 23 segundora gelditu da (19.54:80). Hortik aurrera, handiagoak izan dira aldeak; hogei minututik gora bukatu dute Ondarroak (zazpigarren; 20.03:64), Kaikuk (zortzigarren, 20.10:54), Cabok (bederatzigarren, 20.14:70), Lekittarra (hamargarren, 20.22:62), San Pedrok (hamaikagarrena, 20.23:10), Astillerok (hamabigarrena, 20.33:76).

Hurrengo neurketa bihar izango dute, igandea, Zierbenan (Bizkaia). Petronor bandera jokatuko dute han, 12:00an. Cabo, Lekittarra eta San Pedro aterako dira lehen txandan; Urdaibai, Donostiarra, Ondarroa eta Kaiku bigarrengoan; eta Orio, Santurtzi, Zierbena eta Hondarribia hirugarrengoan.

ETE ligan, Hibaika nagusi

Hartutako martxari eusten dio Hibaikak, eta joan den astean Pasaian irabazitako bi banderei hirugarren bat erantsi die gaur. Donibane Lohizunen (Lapurdi) jokatu dute ETE ligako gaurko saioa, eta bigarrenari hamar segundoko aldea atera diote Hibaikakoek (11.30:25). Zumaia sartu da atzetik, eta Kaiku hirugarren, hamabi segundora. Laugarren izan da Tolosaldea, bosgarren Deustu, seigarren San Juan, zazpigarren Isuntza, zortzigarren Ondarroa, bederatzigarren Hernani, hamargarren Lapurdi, eta hamaikagarren Colindres.

KAE 1 ligan, berriz, Zarautz nagusitu da gaur Donibane Lohizuneko uretan. Hibaikak bezala, Zarautzek ere hirugarren garaipena lortu du jarraian, eta sailkapenean lider da. Gaur atzetik sartu zaizkio, ordena honetan: Deustu, Donostiarra B, San Juan, Camargo, Pedreña, Getaria, Zumaia, Arkote, Santoña, Hibaika eta Lapurdi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.