Politika

Nafarroako Parlamentuko Mahaia bihar bilduko da lehen aldiz

Mahaiaren osaketa zabaldu eta beste alderdi batzuk sartzeko eskaria izango da aztertuko duten aurrenetakoa.

Nafarroako Parlamentuko Mahaia, ezkerretik, Juan Luis Sanchez de Muniain, Yolanda Ibañez, Unai Hualde, Inmaculada Jurio eta Maiorga Ramirez. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko ekainaren 24a
11:10
Entzun

Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea bihar bilduko da lehen aldiz. Aurreko astean osatu zuten eta bihar talde parlamentarioak osatuko dira eta eserlekuak eta bulegoak banatuko dituzte. Hainbat gai jorratuko dituzte lehen bilera horretan, eta, hain zuzen, tartean Unai Hualde Parlamentuko presidenteak alderdiekin egin beharreko bilera errondaren egutegiaz hitz egin behar dute, Gobernurako presidentegai bat izendatze aldera.

10:30ean hasiko da saioa. Bost talde parlamentario osatzeko eskaera jaso ditu Parlamentuak: Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta talde mistoa. Azken horretan Ezkerraren parlamentari bakarra egongo da, eta horrek eskatu du Talde mistoa-Ezkerra deitzea taldear. Ahal Duguko bi parlamentarioek elkarte gisara erregistratzea eskatu dute Nafarroako Ahal Duguren elkarte parlamentarioa izenarekin.

Parlamentuko Mahaia handitzeko aukerak ere aztertuko dituzte, PSNk hala eskatuta. Mahaiak bost kide ditu, baina PSNko beste bat eta Ahal Duguren bat sar daitezen zazpira handitu nahi dute. Horrekin batera, uztaila lanerako hilabetea izendatzea ere mahai gainean dute. Udalak eta Parlamentuko Mahaia osatuta, Nafarroako presidente bat bozkatzea dute orain eginkizun nagusi Nafarroako alderdiek.

Araudiaren arabera, hamar egun ditu Hualdek Parlamentuko Mahaia osatzen denetik bilera erronda egiteko. Ostegunean hasi zen kontaketa, eta Hualdek berak esan du ostiralerako jakin nahiko lukeela zenbat presidentegai egongo diren. Bilera errondaren ostean, inbestidura saiora deitu behar du Hualdek, gutxienez hiru egun lehenago iragarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.