CIE automotive taldeko Alurecy enpresako langileak itxieraren aurka hasi dira mobilizatzen

CIE taldeko enpresa txikia da Alurecy eta Elgetako (Gipuzkoa) lantokia itxiko duela iragarri du taldeak. Lan karga murriztuz joan dela argudiatuta,plantako 19 beharginak kaleratzeko asmoa du multinazionalak. Abenduan itxi nahi dute lantokia.

jarraia168064.jpg
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko ekainaren 24a
07:39
Entzun

Aurtengo abenduan itxi ditzake ateak Elgetako Alurecy enpresak. Alurecy CIE automotive taldeko enpresa da, eta bi eremutan bananduta dago: Alurecy Elgeta (Gipuzkoa) batetik, eta Alurecy Orozko (Bizkaia), bestetik. Gipuzkoako planta ixteko asmoa iragarri du CIEk. 19 behargin daude une honetan Elgetako plantan lanean eta beharginek jakinarazi dutenez bi aukera eskaini dizkie enpresak: Orozkoko lantegira joatea edo kaleratzearen ondorengo kalte ordainak. Langileak ez daude ados neurriekin. “Guk eskatzen duguna da CIE taldeak gure inguruan dituen gainerako lantokietan lanean jarraitzea eta jakin badakigu enpresak badaudela”, azaldu du Mikel Romaneli LABeko langile ordezkariak.

Egoera salatzeko protesta egin dute gaur Alurecyko langileek CIE Automotiven egoitza nagusiaren atarian, Bilboko Mazarredo kalean. Izan ere, beharginek uste dute akatsa ez dela langileena, “kudeaketa edo antolaketa falta” baizik. Horregatik, enpresari akatsaren ardura bere gain hartzeko eskatzen diote. “Enpresari ez zaio interesatzen antzinatasuna eta soldata altuak dituzten langileak mantentzea, nahiago dituzte langile berriak”. Euren lanpostua mantendu nahian bi bilera egin dituzte langileek enpresako buruekin baina ez dute akordiorik lortu. Halere, Romanelik azaldu du enpresak bere akatsa onartu zuela egin zuten azkenengo bileran.

Itxiera argudiatzerakoan, CIEk dio lan karga apurka murrizten joan dela lantokian, eta beharginek diote bazekitela hau gerta zitekeela. “Duela 20 urte baino gehiago hasi ginen Kayaba enpresarentzako proiektuan lanean eta horretan bakarrik lan egin dugu”, azaldu du Romanelik. Kayaba multinazional japoniarra da eta Orkoienen (Nafarroa) du lantokia, baina apirilean Orkoiengo fabrikaren itxiera iragarri zuen eta horrek zuzenean eragiten dio Alurecyri. “Gu ahalegindu gara proiektu alternatiboak bilatzen Kayabako proiektua kolokan egonez gero kolpeari aurre egin ahal izateko; enpresak, berriz, argi utzi digu proiektu honetan eta bakarrik honetan egingo genuela lan”. Ondorioz, Kayabaren hondoratzeak Alurecyren porrota eragin du. Itxiera bi fasetan egingo du Kayabak eta 2021ean itxiko dute fabrika behin betiko. Jakinaren gainean daude Elgetako beharginak eta ez dute esperantzarik lantokia zabalik mantentzeko, baina itxieraren aurrean soluzio errealak eskatzen dizkiote CIEri.

Lanean segitzeko aukera bila

Izan ere, Alurecyko beharginek uste dute taldeak ahalmena duela langileak beste enpresa batzuetan lanean jartzeko eta hori dela soluziobiderik egokiena. Hori exijitzeko hainbat protesta egin dituzte Elgetan bertan eta gaur Bilboraino joan dira beharginak CIEren egoitza aurrean elkarretaratzea egiteko. “Erabaki honekin enpresa 19 familiaren aurka egite ari da”, salatu du Romanelik. Azken unera arte borrokan jarraitzeko asmoa dute langileek eta lan aukera berrien aldeko eskarian irmo mantenduko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.