Danimarka

Alderdi Sozialdemokratak akordio bat egin du bakarrik gobernatzeko

Mette Frederiksen sozialdemokraten hautagaia lehen ministro bilakatuko da ezkerreko blokeko hiru alderdiren babesari esker. Eskuin muturrak gobernabidean giltzarri izateari utzi dio, mende honetan lehenengoz.

Mette Frederiksen hautagai sozialdemokrata, akordioaren berri ematen. M. C. RASMUSSEN / EFE
ander perez zala
2019ko ekainaren 26a
07:46
Entzun

Mette Frederiksen Danimarkako Alderdi Sozialdemokrataren buruzagiak jakinarazi du akordio bat egin duela ezkerreko blokeko hiru alderdirekin, eta, hortaz, inbestidurarako behar adina babes lortu duela. Hori bai, bakarrik gobernatuko du, gutxiengoan: parlamentuko 179 diputatuetatik 48 ditu. "Hiru aste iraun duten negoziazioen ostean, esan dezaket gobernu berri bat osatzeko gehiengoa dugula", jakinarazi du Frederiksenek.

Alderdi Sozial Liberalak (16 ordezkari), Alderdi Popular Sozialistak (14) eta Aliantza Gorri-Berdeak (13) Danimarkarentzako norabide justu bat dokumentua adostu dute hautagai sozialdemokratarekin. Adostasun horretan jaso dituzte, esaterako, klimari buruzko lege bat sustatzea, eta berotegi efektuko gasak %70 gutxitzea; horiez gain, osasungintzan inbertsioa handitzea, eta atzerriko langileen harrera erraztea negoziatu dute.

Hala ere, Frederiksenek adierazi du ez duela sartu nahi "blokeen politikan", eta atea ireki die eskuineko alderdiei "lankidetzan" sakontzeko: "Gogoz entzungo ditugu beste alderdiak. Negoziazio politikoan sartzeko deia helarazten diet". Hautagai sozialdemokrata lehen ministro kargua hartuko duen politikaririk gazteena bilakatuko da —41 urte ditu—, eta hori egiten duen bigarren emakumea; Helle Thorning-Schmidt sozialdemokrata izan zen lehena, eta 2011tik 2015era gobernatu zuen.

Eskuinak, hortaz, boterea galduko du. Danimarkako Alderdi Liberalak 43 diputatu ditu parlamentuan, aurreko legealdian baino bederatzi gehiago, baina eskuineko blokeko gainontzeko indarrek beheranzko joera izan zuten bozetan, blokeak gehiengo osoa galtzeraino. 2015eko hauteskundeetan ere Alderdi Sozialdemokrata izan zen babes handiena jaso zuena, baina eskuineko blokeak lortu zuen ordezkaritza handiena, eta Lars Lokke Rasmussen liberalak gutxiengo gobernua osatu zuen.

Aurten ezinezko zuen jokaldia errepikatzea, Daniar Alderdi Popularra (DF) ultraeskuindarrak 21 diputatu galdu baititu, hamaseirekin geratzeraino; Aliantza Liberala laurekin geratu da (-9), baina eskuineko gainontzeko indarren gorakadak ez du blokearen beheranzko joera orekatu.

Testuinguru horretan, DFk gobernabidean giltzarri izateari utzi dio, mende honetan lehenengoz. Alderdi hori Aurrerakuntzarako Alderditik banandu zirenek sortu zuten, 1995ean, eta "Danimarkako ondare kulturala" babestea izan du helburu, etorkinen aurkako diskurtsoa ardatz hartuta. 2001ean, DFren babesarekin osatu zuen gobernua Alderdi Liberalak, eta harrez geroztik itzalpean izan dira, babesaren truke liberalei neurriak eskatuz.

Joerarekin bat

Danimarkako sozialdemokratek Europa iparraldeko herrialdeen joerarekin bat egin zuten, eta parlamentuan ordezkaritza handiena duen indarra izan ziren hilaren 5ean egindako bozetan —2015ean gertatu bezala—. Eta, garaipena borobiltzeko, ezkerreko alderdien blokeak gehiengo osoa du hasi berri den legealdian: 179 ordezkaritik 96.

Finlandian, sozialdemokratek irabazi zituzten joan den apirileko hauteskundeak; Suedian, lehen indarra izan ziren iazko bozetan; eta Norvegian gauza bera egin zuten, 2017an egindakoetan. Finlandian eta Suedian sozialdemokratak koalizioan gobernatzen ari dira, eta Norvegian kontserbadoreak daude boterean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.