DSBE-A

Tramiterako onartu dute DSBEa erreformatzeko lege proposamena

PPren abstentzioak bidea eman dio EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako testuaren eztabaidari. Oso kritiko azaldu dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos: “Zakarrontzira bota behar da”.

Josu Erkoreka gobernuko bozeramailea eta Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
aitor biain
2019ko ekainaren 27a
19:47
Entzun

Urtebete ez aurrera ez atzera egon ondoren, PPk atea ireki dio DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformari. PPk abstentziora jo du lege proposamena tramiterako onartu ahal izateko, nahiz eta testua gustuko izan ez. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek iazko ekainean aurkeztu zuten egungo DSBEa arautzen duen legea aldatzeko proposamena, baina, nahiko babesik ez zuela ikusita, kendu egin zuen orduan. Oposizioko alderdi nagusiak kritiko azaldu dira, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu dute.

Laura Garrido PPko bozeramaileak azaldu du aurkeztutako testua ez dela haien gustukoa, eta ez dela “nahikoa”: “Norabide desegokian doa”. Uste du, halere, eztabaida zabaltzeko garaia dela: haren ustetan, “enplegagarritasuna helburu duen sistema justu bat” adostu beharko litzateke. Hori bai, Iñigo Urkulluri mintzatu zaio esanez aukeratu egin behar duela EH Bilduk edo PPk defendatzen duten bi gizarte ereduen artean: “Ez dute zerikusirik. Denak ez du balio”.

Oposizioa oso kritiko azaldu da proposamenarekin. EH Bilduk azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ez duela eztabaidarako borondaterik izan: “Ezinezkoa izan da gehiago mugiaraztea”. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak adierazi du koalizio abertzalea ez datorrela bat egin nahi den aldaketarekin, “ez edukian, ez forman”, eta ohartarazi du “oso arriskutsua” dela uda ostean abiatuko den bidea. “Oso arriskutsua da eskuin xenofoboari, kalkulu elektoralekin gaiaren erabilpen ankerra egin duenarekin, bidea egitea. Arriskutsua da elkarbizitzaren ikuspegitik eta gizarte kohesioaren ikuspegitik”.

Elkarrekin Podemosentzat ere, testuak ez du ezertarako balio: “zaborra” da, eta egungo legea baino okerragoa da. “Hau soilik hobetu daiteke zakarrontzira botata eta berri bat idatzita”, nabarmendu du Tinixara Guanche legebiltzarkideak. Haren iritziz, proposamen berriak eskubideak murrizten ditu, eta ordaina jasotzen dutenak “kriminalizatzen” ditu. Gogorarazi du, halaber, pobrezia amaitzea hautu politiko bat dela.

Jaurlaritza, hobetzeko prest

Lege proposamena aurkeztu duten bi alderdiek babestu dute eredu berria “ona eta aurrerakoia” dela. Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak nabarmendu du eredu berriak gizarte kohesioan lagunduko duela, baita krisiaren ondorioak leuntzen ere. Prest agertu da testuaren inguruko ekarpenak jasotzeko ere: “ausartak” izateko eskatu die Arregik, eta adostasuna lortzeko galdegin die gainerako alderdi politikoei. PSE-EEk, aldiz, ukatu egin du PPri emandako “txeke zuria” denik.

Proposamen berriak jasotzen duen aldaketarik nabarmenena zera da: DSBEaren ordainaren kalkulua, gutxieneko soldataren arabera egin beharrean oinarrizko gastuen adierazle baten bitartez egingo dela. Adierazle hori 455 euro izatea aurreikusi dute, eta horri osagarri ekonomikoak gehituko zaizkio. Hala ere, pertsona bakoitzak gehienez 659 euro kobratuko lituzke.

Errenta jasotzeko gutxieneko adina 23 urterena izango litzateke, baina onuradunek gutxienez hiru urte egon beharko dute erroldatuta Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako udalerri batean. Ordaina jasotzen dutenak sistema biometrikoen bitartez identifikatzeko aukera ere jasotzen du testuak; horrek aukera emango lioke Lanbideri hatz marka bidezko identifikazio sistema martxan jartzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.