Sanferminak

Enrique Maia alkateak Herri Sanferminak Errekoleten plazatik kendu nahi ditu

"Dagoen tokitik kentzeko lan egingo dugu", esan du Iruñeko alkateak, sanferminen aurkezpenean. Aurten, iazko toki berean mantenduko dira, "konpromisoak sinatuak daudelako".

Enrique Maia, Iruñeko alkatea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 28a
16:59
Entzun

Herri Sanferminak aurreko urteetan egin diren tokitik kendu nahi ditu Iruñeko udal gobernu berriak. Sanferminen aurkezpenean mintzatu da gaur Enrique Maia alkatea. Nabarmendu du aurten Errekoleten plazan izango direla Herri Sanferminak, "konpromisoak sinatuak daudelako". Baina, datorren urteari begira, hortik atera nahiko lituzke. "Aurreko urteetan eragozpenak egon dira, eta ahaleginduko gara bizilagunekin arazorik egon ez dadin", gaineratu du alkateak. Maiaren arabera, aurreko udal gobernuak Alde Zaharrera eraman zuen espazioa, eta iruditzen zaio Arrotxapea auzoa egokiagoa litzatekeela.

Ikurrin handiak txupinazo egunean debekatzeko erabakiaren inguruan, Maiak esan du ez daudela ikurrinaren aurka: "Baina irudika dezagun ikurrin erraldoi batek su hartzen duela. Bandera txikiak eramatea ez da arazo. Bandera eta pankarta handiak eraman nahi dituena, ordea, beste toki batera joan dadila". Indar polizialek "ponderazioz" jokatuko dutela iragarri du alkateak.

Sanferminetako programazioari dagokionez, 496 ekitaldi antolatu dituzte bederatzi eguneko jaietarako. Haurrentzako guneak zabaldu egin dituzte, eta kiroletarako toki gehiago egongo da Media Lunan. Udalak programaren 10.000 ale argitaratuko ditu, eta salgai egongo dira asteartetik aurrera; bertsio tolesgarriaren 63.000 ale aterako dituzte, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez. Datozen egunetan, informazio guztia eguneratuko dute Sanferminoficial.com webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.