Zergak

Zordun handien zorra %5 apaldu da, Arabari eta Gipuzkoari esker

268 zordun handi zerrendatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 2018an, bi gutxiago. 823 milioi euroren zorra dute, 45 milioi euro gutxiagokoa. Bizkaian egin du gora zordunen kopuruak, eta zorrak ere bai. Bilbao Basket saskibaloi taldea zordun handien zerrendan sartu da, 3,4 milioi euroko zorra baitu.

Bilbao Basket saskibaloi taldea 3,4 milioi euro zor dizkio Bizkaiko Ogasunari. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irune Lasa.
2019ko ekainaren 28a
10:20
Entzun

Zergetan eta zigorretan milioi bat eurotik gora zor duten zergapekoen zerrendak berritu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Zordun handien zor pilatua apaldu egin da joan den urtean, 868 milioi eurotik 823 milioira —45 milioi gutxiago—, 2017an zorrak izandako %20ko igoera ikusgarriaren ostean. Behera egin du zordunen kopuruak: 268 dira orain, aurreko urtean baino bi gutxiago. Horietatik hamabost dira pertsona fisikoak, eta gainerako 253ak pertsona juridikoak dira.

Arabako eta Gipuzkoako datuengatik apaldu da kopuru orokor hori. Araban, 37 izen daude orain zordun handien zerrendan, bost zergapeko irten eta beste izen berririk ez baita sartu. Zordun handiek Araban pilatutako zorra aurreko ekitaldian baino 3,6 milioi txikiagoa izan da.

Gipuzkoan, zordun handiak 66 dira, hiru gutxiago. Hiru zergadun  sartu dira zerrena, 4,4 milioi euroren zorrarekin, eta sei irten, 14,5 milioi euro zor zituztenak. Zordun handiek pilatutako zorra 2017koa baino 54,1 milioi txikiagoa da, 237,9 milioi eurokoa. Izan ere, Gipuzkoako Ogasunari zor dizkioten kopuruak murriztu dituzte pisu handiko zordun zenbaitek.

Hain zuzen, zor handiena dutenak dira oraindik ere Osinalde anaiak —Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Etxaniz—; dena den, bakoitzak 49,6 milioi euroko zorra zuen lehen, eta 31,5 milioi eurokoa dute orain: alegia, anai bakoitzak hemezortzi milioi euro pagatu dizkiola Ogasunari. Fagor Etxetresnak zenak ere murriztu du bere zorra; aurreko ekitaldian hamasei milioi euro zor zituen, eta haien erdiak pagatu dizkio Gipuzkoako Ogasunari. 8,1 milioi zor ditu orain.

Bizkaian, aldiz, handitu egin da zordun handien zerrenda, sei izen gehiago baitaude orain —sei zergadun atera dira zerrendatik, eta hamabi sartu—. Eta handitu egin da haiek pilatutako zorraren zenbatekoa ere, 453 milioi eurorena baitzen lehen, eta 466 milioi eurorena orain. Bizkaiko zordun handien zerrendan agertutako izen berrien artean, aipatzekoa da Bilbao Basket saskibaloi taldea: 3,4 milioi euroko zorra du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.