Nazioarteko merkataritza

Negoziazioei berriro ekitea hitzartu dute Trumpek eta Xik

Huaweiri osagaiak saltzeko debekua kendu die Trumpek AEBetako enpresei.

Donad Trump AEBetako presidentea, Shinzo AbeJaponiako presidentea eta Xi Jinping Txinako presidentea, atzo, G20aren goi bileran. EFE
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 29a
16:19
Entzun

Maiatzaren 10ean eten ziren merkataritza gerra amaitzeko Txinaren eta AEBen arteko negoziazioak, estatubatuarrek leporatu baitzieten txinatarrei adostutakoan atzera egin zutela.

Azken egunotan berriro hizketan aritu dira bi aldeak, eta negoziazioei berriro ofizialki ekitea erabaki dute Donald Trumpek eta Xi Jinpingek, Osakan G20ko bileraren harira. 80 minutuko bilera "bikaina" izan da, "ahal bezain ona", Trumpek azaldu duenez.

Lehen ondorioa da AEBek ez dituztela Txinako produktuen gaineko muga zerga gehiago gaineratuko. Inportazioen erdia jada zergapetzen ditu Trumpek, iaz merkataritza gerra hasi zuenetik, eta gainontzeko erdiari ere tarifak ezartzearekin mehatxu egin zuen Etxe Zuriko maizterrak. Indarrean jarraituko dute oraingo muga zergak, baita maiatzeko negoziazioen porrotaren ondoren AEBek ezarritakoak ere.

Bigarren ondorioa Huaweiri dagokio. Trumpek Txinako telekomunikazio enpresa erabiltzen ari da Pekingo gobernua makurrarazteko, haren teknologiak espioitza baimentzen duela argudiatuta. Horregatik, maiatzean debekatu egin zien AEBetako konpainiei Huaweirekin tratuak egitea. Erabakiak milioi euro askoren galerak ekarri dizkio Huaweiri, Google, Facebook eta AEBetako konpainien beste aplikaziorik ezin erabiltzeak sakelako telefonoen salmenta amildu diotelako. G20aren bileran ordea, Huaweiren lepoa estutzen duen soka arindu du Trumpek. "AEBetako konpainiek bere ekipamenduak saldu ahal izango dizkiote Huaweiri. Segurtasun nazionalerako arrisku handirik gabeko ekipamenduaz hizketan ari gara", adierazi du.

Trukean, Txinak AEBetako nekazaritza produktuen erosketa "izugarriak" agindu dizkiola ziurtatu du Trumpek. "Erostea nahi dugun gauzen zerrenda bat emango diegu". Txinako iturri ofizialek ez dute informazio hori baieztatu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.