MEMORIA HISTORIKOA

36ko gerran eta ondorengo urteetan hildako 20.000 herritarren berri jaso du Jaurlaritzak

Gerraren bueltan hildako herritarrei buruzko lehen azterketa egin du Gogora institutuak, memoriarako eta erreparaziorako urrats gisa. Herritarrak eta gudariak ez ezik, aintzat hartu dituzte Francoren aldeko tropetan hildakoak ere. Dokumentuetan ez da ageri 8.000 hildako non dauden.

Gerran hildako herritar batzuen gorpuzkiak atera zituzten 2017an Legution. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 3a
07:13
Entzun

Memoria historikoari buruzko informazioa biltzeko beste urrats bat egin du Eusko Jaurlaritzak. Datu base zabal bat osatu du EHUrekin eta Aranzadirekin elkarlanean, 36ko gerran eta frankismoko lehen urteetan hil zituzten herritarrei buruzko datuekin; 1936-1945 epea hartu dute kontuan. Ikerketa "zabalik" dago oraindik, bai baitakite ez dutela informazio guztia bildu. Orain arte, 19.998 herritar hildakoren berri izan du Gogora institutuak. Haietatik 638 identifikatu gabe daude.

Hildakoei buruzko fitxak osatu ditu Gogora institutuak, eta herritarren eskura jarri ditu egoitzan —oraingoz ez dute Interneten jarriko informazio hori—. Espero dute datu basea bera izango dela informazio gehiago lortzeko oinarri. Gerran hildako senideak dituzten familiei eskatu diete jotzeko Gogorara, informazio gehiago bildu ahal izateko.

20.000 hildako horien artean, herritarrak eta gudariak ez ezik, Francoren aldeko tropetan hildako herritarrak ere sartu dituzte: 5.500. Kontuan izatekoa da, gainera, dokumentuetan ez dela ageri bost hildakotik bi non dauden: 8.000 hildako non ehortzi zituzten ez daki Gogora institutuak. Horrek ez du esan nahi desagertuak direnik: litekeena da familiek jakitea, baina erakundeek, ez. Hala ere, familia ugari daude oraindik beren senideak non dauden ez dakitela.

Hildakoak heriotza motaren arabera sailkatu dituzte. Jonan Fernandez Bizikidetzako idazkari nagusiak ohartarazi du hilketa horietako batzuk gizateriaren aurkako krimen gisa hartu dituztela, nazioarteko zuzenbideari jarraikiz: delitu larriak izan zirelako, sistematikoak, eta eragin masibokoak. Besteak beste, bonbardaketetan eta epaiz kanpo egindako hilketak jo dituzte gizateriaren aurkako krimentzat. Denera, ikerketa horren arabera, 5.887 hilketa izan ziren gizateriaren aurkako krimenak.

Ikerketa oinarri hartuta, Fernandezek aurreratu du memoria historikoaren biktimei erreparazioa egiteko asmoa duela Jaurlaritzak. Ekitaldi publiko bat egiteko aukera aipatu du, baina ohartarazi du "adostasuna" behar dela horretarako. Irailetik aurrera hasiko dira gaia lantzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.