Autogintza

Nafarroako VWek gehiago ekoitziko du hirugarren modelo bat erakartzeko

Zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta ELA sindikatuek ituna egin dute produktibitatea handitzeko. Beste hiru fabrikarekin lehian ari da Iruñekoa.

Volkswagenen Iruñeko lantegia, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ, EFE
Iker Aranburu.
2019ko uztailaren 3a
09:59
Entzun

Wolfsburgen zain daude Iruñean. Volkswageneko zuzendaritza nagusiak eskatutakoa bete dute Nafarroan: akordio bat egin dute eguneroko ekoizpena 30 auto handitzeko. Orain, autogileak erabaki behar du ahalegin hori nahikoa ote den Landabengo plantari hirugarren modelo bat emateko. Hala izatea espero dute zuzendaritzak eta sindikatuek, Polo modeloaren gainbehera konpentsatzen laguntzeaz gain, autoen elektrifikazio prozesuan urrats bat egiteko aukera emango liokeelako VW Nafarroari.

Iruñeko fabrika beste hirurekin ari da lehian Volkswagenek 2021ean merkaturatu nahi duen autoa ekoizteko. Crossover edo CUV estilokoa izango litzateke, hau da, noranahiko itxurako auto bat. VW Nafarroak Polo modeloa egiten du 1984tik, eta T-Cross SUVa iaztik. Poloren ekoizpena osatzeko egiten hasi ziren T-Crossa Landabenen, baina dagoeneko ekoizpenaren erdia baino gehiago betetzen du. Batetik, oraingo Polo modeloak dagoeneko bi urte dituelako, eta salmentak jaitsi egiten dira modeloak urteetan aurrera egin ahala. Bestetik, SUV, CUV eta noranahiko itxurakoek gero eta eskaera zabalagoa dute, eta gutxiago ohiko autoek: aurten, Hego Euskal Herrian eta Espainian saldutakoen %45 izan dira mota horietakoak.

Hirugarren modeloa ematearen truke, produktibitatea handitzea hitzartu dute UGT, CCOO eta ELA sindikatuek zuzendaritzarekin. Bi fasetan handituko dute ekoizpena: bost auto txanda bakoitzean hirugarren modeloa ematen dietenean, eta beste bost azaroan 4an. Horretarako, lan hitzarmen berriak aipatzen zituen neurriak aplikatuko dituzte, hala nola, larunbat batzuetan langileek beren borondatez lan egitea, atseden egunak urte amaieran pilatzea, eta eguneko atsedenak malgutasunez ezartzea ahalik eta ekoizpen handiena baimentzeko.

ELA bai, LAB ez

ELAren sinadura da hor berritasuna, ez baitu askotan bat egiten lantegiko gehiengo sindikalak (UGT eta CCOO) zuzendaritzarekin egiten dituen akordioekin. Bigarren modeloa lortzeko baldintzetan eta azken lan hitzarmenean, esaterako, ez zegoen sindikatu abertzalearen sinadura.  Oraingoan, baina, baiezkoa eman dio, «erreferentziazko urteko lanaldia bi egun txikitzen duelako, 211tik 209ra, baina soldata osoa ordainduz». Gainera, ELAk nabarmendu du VWek inbertsioak agindu dituela montaketan eta motorretan lan baldintzak hobetzeko.

LABek, berriz, argudiatu du ez zuela lan baldintzak aldatzeko aurreko akordio bat sinatu, eta «koherentziagatik» ezin duela oraingoan sinatu.
Landabengo sindikatu nagusiak, UGTk, ziurtatu du hirugarren modeloak lantegiak eta enpleguak bermatu ditzakeela, eta auto hibrido edo elektriko bat lortzen lagunduko diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.