Erronka

Aritz Egea Ordizia-Txindoki-Ordizia erronkako marka hausten saiatuko da larunbatean

Iñaki Maiorak ezarri zuen marka, 1978an. Egearen iritziz, oso zaila izango du Txindokiko jaitsieran denbora hobetzea, "partziala ikaragarria" delako. Horrenbestez, Txindoki igotzen eta bizikletan atera beharko du aldea.

Aritz Egea mendi korrikalaria eta Iñaki Maiora Ordizia-Txindoki-Ordizia erronkako markaren jabea, Lazkaomendin, Txindoki atzean dutela. IñAKI GURRUTXAGA, GOIERRIKO HITZA
2019ko uztailaren 4a
16:21
Entzun

Goierrin (Gipuzkoa) ospe handikoa den marka bat ontzen saiatuko da Aritz Egea mendi korrikalaria, larunbatean. markak 41 urte luze iraun du: oraindik indarrean dago Iñaki Maiora ormaiztegiarrak 1978. urtean ezarri zuena. Erronka Ordiziatik Txindokira igotzea da, eta handik itzulerako bidea egitea, bizikletan eta korrika. Probaren lehen zatian, Ordiziatik Larraitzerako bidea egin beharko du Egeak, bizikletan. Larraitzera igo baino metro batzuk lehenago, Gaintzarako bidegurutzean, bizikleta utzi eta korrika abiatuko da Txindokiko tontorrerantz. Handik bueltan, bizikleta hartuko du berriz Larraitzen, eta halaxe egingo du Ordiziarainoko bidea. Guztira, 24,6 kilometroko bidea.

Maiorak ordu bat, 26 minutu eta 28 segundoan ezarri zuen marka. 16 minuturen aldea atera zion Juan Jose Rezolak 1953an egin zuen denborari: ordu bat, 42 minutu eta 30 segundo behar izan zituen hark. Larunbatean 10:00etan abiatuko da Egea Maioraren marka hobetzera.

Egea sasoi betean helduko da erronkara. Joan den astean, Mont Blanc-eko mendi maratoian parte hartu zuen, eta bederatzigarren izan zen. Urretxuarrak lasterketatik bueltan adierazi zion Goierriko Hitza-ri "hanketako minez" zegoela oraindik, baina erronkarako ongi egotea espero du. Nabarmendu du ez dela lan erraza izango, Maiorak "denbora oso ona" egin zuelako. "Kontuan izan behar da orain dela 40 urte egindako denbora dela", adierazi du.

Korrikalariaren esanetan, korrika egin beharreko bidea ez da asko aldatu azken lau hamarkadetan, baina errepidea eta txirrinduak asko hobetu dira, eta hori alde izango du. Egea txirrindularia izandakoa da, nahiz eta aspaldian ez den kirol horretan aritu.

Korrika, berriz, gorako bidean hobetu beharko ditu Maioraren denborak, marka hautsiko badu. Urretxuarrak oso zaila ikusten du beherakoan Maiorak egindakoa gainditzea. Haren esanetan "partziala ikaragarria" da. Txindokitik Larraitzera, 15 minutu eta 13 segundo besterik ez zituen behar izan Maiorak. Egearen esanetan, denbora hori "zorakeria" da, eta "asko arriskatu behar" da marka horretara hurbiltzeko. Ez da Egearen asmoa. Hiru aste barru Golden Trails zirkuituko Dolomitetako lasterketan parte hartuko du, eta ondo iritsi nahi du hara.

Ordiziako Emaneurre realzale taldeak porposatu zion erronka Egeari, taldearen hamargarren urteurrenaren harira. Emaneurrek zuzenean eskainiko du marka hauste ahalegina, streaming bidez, ibilbidera gerturatuko ez direnek ere erronka jarraitzeko aukera izan dezaten. Taldearen sare sozialetan zabalduko dute seinalea, eta hainbat komunikabidek ere eskainiko dute zuzenekoa. Horien artean, Goierriko Hitza-k. Horrez gain, Emaneurrek pantaila erraldoi bat jarriko du Ordiziako Olano tabernaren parean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.