Instalazioa

Arkitektura eta mugikortasuna aurrez aurre jarriko dira Guggenheim museoan, gaurtik aurrera

Jesper Just artista danimarkarrak 2011n ondutako proiektua da Ikuskizun izengabe hau; kamera bikoitza estreinakoz darabil artistak. Urriaren 20ra arte egongo da ikusgai.

jarraia168460.jpg
amaia igartua aristondo
2019ko uztailaren 4a
09:16
Entzun

Bilboko Guggenheim museoan Jesper Just artista danimarkarraren Ikuskizun izengabe hau —bideo instalazioa— ikusi ahal izango da gaurtik urriaren 20ra bitarte. Museoko Film & Video aretoan bisita daiteke obra, eta aurrez aurre dauden bi pantailak osatzen dute; istorioaren bi ikuspuntu eskaintzen dituzte aldi berean, eta, artistak azaldu bezala, ikusleak bien artean “hautatu” beharko du, etengabean. Filmak 13 minutu dirau.

Aulki gurpildunean doan emakume transgeneroa da irudietako protagonista. Ikerketa gaia da, Justen hitzetan, gizarteak “gorputz arazotsuak” begiratzeko duen modua. Hasierako planoetan, emakumea Paris zeharkatzen ikusten da —Frantziako hiriburuko Buttes-Chaumont parkean eta inguruetan grabatu zuen filma—, hiriko elementu arkitektonikoekin duen elkarrekintza antzeman daitekeen bitartean. Harreman horri obraren indarguneetako bat iritzi dio erakusketaren komisario Manuel Cirauquik: “isla oso leiala da, aulkiaren ikuspuntuarena eta horrek nola determinatzen duen”.

Aurrera egin ahala, gizartearen begirada are esplizituagoa egiten da. Beste pertsona bat agertzen da: gizonezkoa, emakumearen atzetik doa, begiak harengan iltzatuta. Etxearen babespean ere ez du lortuko andreak gizonaren begiradatik ihes egitea, aldameneko eraikin batetik so ari baitzaio. Justek bere karreran lehen aldiz erabili zuen kamera bikoitza 2011n egin zuen obra honetarako. Protagonistak euren etxeetan gotortuta dauden momentuan egiten da nabarmenen baliabideak egindako ekarpena, bien ikuspuntua eskaintzen baita aldi berean: ikusleak eszena emakumearen zein gizonaren begietatik ikusteko aukera du; aski du pantaila batetik bestera salto egitea. 

Mainstream-arekiko haustura

Filma plano luzeez eta inguruko soinuez —emakumearen arnasaz edota aulki gurpildunaren zarataz, besteak beste— ondu du Jesper Justek. Ez dago musikarik, ez hitzik, ezta baliabide ikusgarririk ere. Akzioa, berriz, geldo da. Gaur egungo pelikula prototipikoetatik aldentzeko intentzioa aitortu du danimarkarrak. Lana aurkezteko tokia, museo bat, arrazoi beragatik hautatu du: “Gauzak arin doaz, baina museoetara jendea kontenplatzera joaten da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.