Nafarroako gobernu akordioa ostiralean ixtea espero du PSNk

Zazpi gai sektorialetako puntuak hitzartu dituzte PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Ostiral goizean akordioa ixtea espero dute, eta ondoren alderdi bakoitzak barne organoei kontsultatuko die edukia.

PSNko, Geroa Baiko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako ordezkarie bilera, gaur, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2019ko uztailaren 4a
07:13
Entzun

«Ia-ia», baina oraindik ez dute akordioa guztiz itxi. Astelehenean hasi zituzten zazpi mahai sektorialetako negoziazioak PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Ostegun arratsalde honetan, zazpi gai horietako puntu nagusiak hitzartu dituzte. Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, iragan legealdian izandako desadostasunetako batzuk errepikatu dira, baina, halaber, «espero ez ziren akordioak» erdietsi dituzte. Lau alderdiek ez dute zehaztu nahi izan non diren adostasun eta desadostasunak. Hala ere, oraindik ez dute lana amaitu. Azken txanpan sartu dira.

Ostiralean, 10:00etan, elkarrizketarekin jarraituko dute. Autogobernuaren gaia eta barne funtzionamendurako arauak adostea falta zaie. Lau alderdiek espero dute gaur lortzea lehen akordioa. Behin hori lortuta, alderdietako organoetara joko dute, eta militanteek edukia berretsi arte ez da behin betikoa izango.

Iragan astelehenean hasi ziren zazpi mahai sektorialen inguruan hitz egiten: hezkuntza, kultura eta kirola; osasuna; berdintasuna, Nafarroa soziala eta gazteria; hizkuntza politika; enplegua, ekonomia eta zerga arloa; bizikidetza, memoria eta funtzio publikoa; eta tokiko administrazioa, ingurumena, iraunkortasuna, energia berdea.

Hiru egunetako elkarrizketen ostean, egindako lana aztertzeko unea iritsi da gaur. Parlamentuan elkartu dira lau ordezkaritzak, 17:40an. PSNko Maria Txibite eta Geroa Baiko Uxue Barkos ez dira joan bilera horretara. Sozialisten artean, Ramon Alzorriz, Javier Remirez eta Javier Agirre izan dira; Geroa Bairen izenean, Unai Hualde, Itziar Gomez, Maria Solana eta Koldo Martinez izan dira bileran. Nafarroako Ahal Dugu-ren izenean, Eduardo Santos idazkari nagusia, Mikel Buil eta Ainhoa Aznarez parlamentariak, eta Patricia Ruiz joan dira. Eta Ezkerratik, Marisa de Simon parlamentaria, Txema Mauleon eta Carlos Guzman bertaratu dira. Legebiltzarrean bildu dira.

Luze jo du bilerak. Baina, lau ordu eta gero, baikor hitz egin dute eledunek. Azken urratsa falta den arren, Alzorriz «itxaropentsu» agertu da. Koldo Martinezek, berriz, «egintzat» eman du. Bere hitzetan, aurreko lau urteetako akordio programatikotik «asko» du lantzen ari diren akordioak. Marisa de Simonen ustez, «lan handia» egin da, baina «gutxieneko akordio bat» izango da; dena den leial jokatuko dutela ziurtatu du. Mikel Builen arabera, Ahal Dugu-k ekarpen ugari egin dizkio itunari.

Alzorrizen arabera, zazpi sektoreetako akordioez gain, desadostasunak zeintzuk diren ere zehaztu dute. Horiek nola kudeatu izango da ostiral goizean negoziatu beharrekoa. Autogobernuaren inguruan ere hainbat proposamen dituzte, baina ez dute uste oztopo izango denik hori. Gobernuaren osaeraz ez dute hitz egin oraindik.

Asiron: «Ezin da ezer eraiki 50.000 boto baztertuta»

Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiak eta EH Bilduko hautetsiak ostegun goiz honetan sanferminen inguruko prentsaurrekoa eman zuen, baina kazetariek parlamentuko negoziazio prozesuaz ere galdetu diote. Edozein modutan, PSNko Maria Txibitek EH Bilduren abstentzioa beharko bailuke inbestitzeko. PSNk behin eta berriz azpimarratu du ez duela EH Bildurekin negoziatzeko asmorik eta, horren aurrean, Asironek erantzun du ez dela negoziazio prozesua egiteko modu egokia: «Ezin da gobernu aurrerakoi bat egin 50.000 boto baztertuta», salatu du. «Esan nuen aurretik udaletan gertatutakoak eragin handia izango zuela, baina pentsatu nahi dut negoziazio hauek beste bide batetik doazela. Espero dut aurrera egitea, eta emaitza ona izatea». Bere ustez, hauteskundeek agerian utzi dute EH Bildu indar garrantzitsua dela eta ezin dela bazterrean utzi. «Bazterketak ez du inongo zentzurik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.