Txirrindularitza

Alaphilippek ez du kale egin

Helmugatik hamabost kilometrora eraso jo eta Frantziako Tourreko hirugarren etapa irabazi du. Hura da lider berria.

Julian Alaphilippe etapa garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 8a
08:52
Entzun

Julian Alaphillippek (Deceunick) irabazi du Frantziako Tourreko laugarren etapa. Ehiztari frantziarrak eraso ausarta jo du Epernayko helmugatik hamabost kilometrora eta helmugara arte ereman du saiakera. Tropelaa26 segundora helmugaratu da, eta horri esker Alaphillippek jantzi du elastiko horia. Mike Teunissen(Jumbo) aurreko liderra ia lau minutura iritsi da. Wout Van Aert haren taldekidea da bigarren 20 segundora. Tropelean zatiketa txikia egon da, eta Egan Bernalek (Ineos) eta Thibault Pinotek (Groupamak) bost segundoko tartea lortu dute beste faboritoekiko.

Alaphillippek esana zuen ere neurria eginiko amaiera zela. Muino txiki eta errepide bihurriz jositako azken berrogei kilometro zituen, eta gutxi ez balitz aldapa pikoa azken 500 metroetan. Gorriz markatua zuen, eta begi guztiak izan arren, ez da ezkutatu. Eguneko azken mendate puntuagarrian jo du erasoa, Mutignyn gora, %12,2ko pendizeko 900 metroko koska. Min egiteko nahikoa.

Alaphillippek Tim Weellens (Lotto-Souda) eguneko ihesaldiko azken alea harrapatu du tontorrean, eta bertan hasi du helmugara arteko bidea. Ziztu bizian abiatu da. Berehala ireki du minutu erditik gorako aldea, eta ondo eutsi dio helmugara arte. Mahastiz inguratutako errepideetan barrena joan da. Alaphillippek bere maila erakutsi du, onduriko ardoa da.

Esan bezala, Wellens izan da ihesaldiko azken alea. Stéphane Rossetto (Cofidis), Paul Ourselin (Total-Direct Energie), Yoann Offredo (Wanty-Gobert) eta Anthony Delaplacerekin egin du ihes (Arkea-Samsic). Helmugatik 209 kilometrora egin dute ihes eta 190 egin dituzte ihesean.

Ihesaldia iritsi da Giroan

Italiako Giroan ez da ohikoa ihesaldiak helmugaraino iristea, baina Letizia Borghesik (Aromitalia) ohiko gidoia hautsi zuen du Carate Brianzan, eta laugarren etapa irabazi du. Igandean gertatu bezala, gainera, ez du irabazi helmugan besoa altxa duenak. Nadia Quagliottok (Ale Cipollini) pedalkada bat galdu du besoa altxatzen, eta Borghesik helmuga marraren gainean pasatu du. Hirugarren Chiara Perini (Bepink) izan da, beste iheslaria. Tropela 42 segundora helmugaratu da eta Kasia Niewiadomak (Canyon) jarraitzen du lider.

Giroan, normalean, tropeleko izen handiek ez dute errukirik izaten loria bilatzaileekin, baina Borghesik, Quagliottok (Ale Cipollini) eta Perinik (Bepink) euren ordagoa irabazi dute. Helmugarako 25 kilometro falta zirenean bost minutuko aldea zuten, eta tropelak kale egin du bere ehiza kalkulua. Ziztu bizian murriztu du aldea, baina ez garaiz. Marianne Vos (CCC) izan da  tropeleko aurrena.

Irabazleak 20 urte ditu eta lehen garaipena du profesionaletan. Eguneko irudia bitxia utzi du hark, helmugan argazkiak eskatu baitizkie, Vos, Niewiadoma eta Anemiek Van Vleuten (Mitchelton) bere idoloei. Asteartean lehen etapa handia jokatuko dute Ponte in Valtellina eta Lago di Cancanoren artean (88 kilometro). Etapa gogorra izango da, baina ez hasiera batean diseinatu zutenaren adina. Izan ere, Passo Gavia kendu behar izan dute errepidea arriskutsu dagoelako. Haren ordez Torri di Fraele (1.938 m.) jarri dute: 7,3 kilometro eta %8,3ko batez besteko pendiza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.