Txirrindularitza

Elia Vivianik ondo borobildu du taldearen lana

Deceuninck-Quick Stepek primeran bideratu du esprinta eta italiarrak irabazi du Frantziako Tourreko laugarren etapa. Ez da aldaketarik egon sailkapen nagusian.

Elia Viviani garaipena ospatzen, Nancyko helmugan. YOAN VALAT / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 9a
07:46
Entzun

Txirrindularitza talde kirola ez dela ustea duenak ikus dezala Tourreko gaurko etapako azken kilometroa. Arreta berezia jar dezala Deceuninck - Quick Stepen taldearen lanean. Kilometro horretan taldeko horretako lau txirrindulari ezberdin egon dira tropelekoa buruan, edo beste modu batera esanda, modu ezin hobean bideratu diote esprinta Elia Vivianiri. Alde pixka batekin ekin dio azken estutualdiari, eta ondo borobildu du lana. Etapa luze eta laua izan da, eta ez da aldaketarik egon sailkapen nagusian. Julian Alaphilippe da lider (Deceuninck -Quick Step), eta hogei segundoko aldea du Wout Van Aertekiko.

Etapa hasi eta berehala egin dute ihes Yoann Offredok, Frederik Backaertek (Wanty) eta Michael Scharrek (CCC), eta 200 kilometro egin dituzte ihesean tropelak Nancyko helmugatik hamabost kilometrora irentsi zituen arte. Nolabait, orduan hasi zen esprinta, esprinterrak dituzte taldeek asko bizitu zutelako erritmoa. Lilian Calmejane (Direct Energie) saiatu zen esprinta hausten, baina ordutako tropela ziztu bizian zihoan.

Deceuninck - Quick Stepek hartu du esprintaren lema, eta azken kilometroan Julian Alaphilippe jarri da tropelaren buruan. Elastiko horiak ilaran jarri du tropela, eta haren tokia hartu du gero Michael Morkovek. Max Richeze izan da azken aurrekoa, eta haren gurpilera itsatsi da Viviani. Kokapen ona ondo baliatu du eta hark altxatu ditu besoak Nancyko helmuga marran. Alexander Kristoff (UAE), bigarren, izan da gehien estutu duena,baina hura ia bakarka aritu da. Caleb Ewan (Lotto) izan da hirugarren, itxita gelditu ondoren, eta Peter Sagan (Bora) laugarren.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.