Bosgarren entzierroa

Korrikalari batek adarkada hartu du besoan

Beste bost korrikalari eraman dituzte ospitalera, kolpeengatik. Orain arteko entzierrorik luzeena izan da. Korrikalari batzuk eserialdia egin dute, entzierroen abiadarengatik protesta egiteko.

Victoriano del Rio ganadutegiko zezenak, aurtengo sanferminetako bosgarren entzierroan. IDOIA ZABALETA, FOKU
2019ko uztailaren 11
07:24
Entzun

Azkar ospea dute Victoriano del Rioko zezenek, azken bederatzi urteetan egin dituzten entzierroetan abiadan egin baitute ukuilutik zezen plazarainoko bidea. Gaur, ordea, aurtengo entzierrorik luzeena egin dute: bi minutu eta 39 segundo behar izan dituzte.

Entzierro garbia izan da, arrisku uneak ere izan diren arren. Zezenek taldean egin dute bidearen zatirik handiena, joaldunak gidatuta. San Domingoko aldapan gora, Udaletxe plazara sartu direnean, ozta-ozta saihestu du adarkada korrikalari batek. Beste batek toki txarrean egin du estropezu, eta lurrean erorita gelditu da, Estafeta kaleko bihugunearen erdian; zezenek, baina, ez dute zapaldu. Garbi hartu dute bihurgunea. Estafeta kalearen amaieran pixka bat sakabanatu da taldea. Hiru zezen atzerago gelditu dira, eta orduan sortu dira korrikaldirik onenak egiteko aukerak. Telefonicako korrikalariek ere izan dute zezen artean sartzeko aukerarik.

Amaieran, plazara sartu den azken zezenak, bira emateko keinua egin du behin baino gehiagotan, eta kosta egin zaio ukuilura sartzea. Horrek atzeratu du entzierroaren denbora.

Nafarroako Ospitale Gunetik jakinarazi dutenez, sei korrikalari eraman dituzte larrialdietara. Horietako batek adarkada du besoan, eta ebakuntza egingo diote. 27 urteko korrikalari valentziar bat da. Gainerako bostak kolpeengatik artatuko dituzte.

Entzierroa hasi aurretik, hainbat korrikalarik eserialdia egin dute protesta modura, azken entzierroen abiada handiarengatik. Batez ere, Marcaderes eta Estafeta kaleetan egin dute eserialdia. Salatu dutenez, joaldunak oso entrenatuta iristen dira Iruñera, eta abiadura handiegian gidatzen dituzte zezenak. Gainera, bidearen zatirik handiena taldean egiten dutelako kexatu dira. Zezenak ez direnez sakabanatzen, horien artean lasterka egiteko aukera gutxi dutela adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.