BBK Live

Nostalgiaren alde eta kontra

Oasis taldearen ereserkietan oinarrituta, kontzertu gogoangarria eman du Liam Gallagherrek Bilboko BBK Live jaialdiaren lehen jardunaldian; Thom Yorkek, berriz, arriskatu egin du, zale batzuen atsekaberako.

Liam Gallagher, atzoko kontzertuan. JAVIER ZORRILA / FOKU
Iñaki Lasa Etura.
2019ko uztailaren 12a
15:44
Entzun

Haurtzaroa da gizakiaren aberri bakarra. Hala esan zuen Rainer Marie Rilke poeta ezagunak. Aipua musika mundura estrapolatuz gero, nerabezaroa litzateke musikazalearen benetako aberria. Adin horrekin ezagututako musika taldeak betiko bidaideak dira sarri. Eta 1990eko hamarkadan Oasisekin hazitako neska-mutikoek gogotik disfrutatu zuten Liam Gallagherren emanaldiarekin atzo, Bilboko BBK Live jaialdiaren lehen jardunaldian. Egun erosoa izan zen oro har, ilara handirik gabekoa, eta zailtasun eta pilaketa handirik gabe aurki zitekeen kontzertuak ikusteko txoko aproposa.

Bigarren urtez jarraian jo zuen Gallagher anaietako batek jaialdian, eta bigarren urtez jarraian entzun ziren Oasis taldearen abestiak Kobetamendin, nostalgiaren bidezidorretatik. Baliteke Noel izatea Manchesterreko taldearen abesti gehientsuenen doinuen eta letren egilea, baina, taula gainera igotzean, Liam da Oasis. Hari katigatuta geratzen da begirada. Horregatik, akaso, kartelburu gisa iritsi zen Bilbora Liam aurten, eta ez anaia iaz.

Rock ‘n’ Roll Star abestiarekin ekin zion kontzertuari. Bere asmoen adierazpen argia: “Gau honetan, rock & roll izarra naiz”. Distira propioa baitu Gallagher anaietan gazteenak; ikaragarria da zein erraz betetzen duen oholtza hain berezko duen harropuzkeriarekin eta abesteko duen modu bereziarekin: eskuak atzean jarrita eta gorputza aurrera eramanez mikrofonora hurbiltzeko, gora begira. Bera zen protagonista bakarra, eta bere aurpegia bilatu zuten une oro pantaila erraldoiek.

Jo zituen abestien erdiak baino gehiago izan ziren Oasisenak, eta ez edozein kantu, ereserki hutsak: Morning Glory, Cigarettes & Alcohol, Wonderwall, Supersonic, Champagne Supernova... Abesti berriek mailari eutsi zioten, iraganaz gain abeslari eta gitarristak oraindik ere esateko asko duen erakusle. Egia da errazkeria izan daitekeela nostalgiaren komodina hain lotsagabe erabiltzea, baina irribarre batek urrea balio duen garaiotan, ederra da Kobetamendi karaoke erraldoi bihurtuta ikustea "and after all, you’re my wonderwall” abesten. Askorentzat kostata ahaztuko duten bizipena baita. Oso emanaldi ona egin zuen Liam Gallagherrek, baina bizpahiru abesti falta izan zitzaizkion gaua borobiltzeko.

Geruzetan galduta
Nostalgiatik gutxi izan zuen Thom Yorken Tomorrow’s Modern Boxes proposamenak. Ia ariketa fisikoa izan zen hainbeste geruzaren artean murgiltzea, Yorken ahotsak gidatuta. Ipurterre hutsa da, inkoformista, doinu berrien bila beti. Kobetamendiko kontzertuan ez zuen erraztasun askorik eman. Elektronika base trinko baten atzean babestu zen, etengabe abestiak eraikitzen eta deseraikitzen balego bezala; orain, malenkoniatsu, teklatuetan; orain baxuarekin erritmo hipnotikoak eskainiz...

Oholtza gainean disfrutatzen ari zela nabaritu zen, eta, akaso, hori da musikari bati exijitu dakiokeen gauza bakarra: sortzen ari den musikarekin disfrutatzea, egiazko zerbait eskaintzea. Interesgarria izan zen proposamena, nahiz eta zalantzaren bat eragin: Thom Yorke labeldun musika ez balitz, oharkabean igaroko zen ziurrenik. Zale guztiak ere ez zituen ase, eta aurpegi tristearekin joan zen kontzertu erdialdera neska talde bat, Radioheaden Creep ozen samar kantatuz.

Liam Gallagherrena eta Thom Yorkenak izan ziren osteguneko izen nagusiak, baina askoz zabalagoa zen jaialdiaren eskaintza. Frustragarri samarrak izan ziren lehen orduak musika talde gehientsuenentzat; jende jarioa ikusi bai, baina kostata lortu zuten kontzertura erakartzea. Ataka hori bizi izan zuten ordu horretan jo zuten euskal taldeek. Izan ere Basoa guneak eskaintzen zuen gerizpean babestu ziren asko hasieran. Urterik urtera indar gehiago hartzen ari da Bilboko BBK Live jaialdiaren eskaintza elektronikoa, arratsalde hasieratik dago jendea han, ez soilik gaueko ordu txikietan. Hala, eguneko lehen aldaka astintzeak iritsi ziren Miravalles disko jartzailearekin, Lasai agertokian.

Vetusta Morlarena izan zen osteguneko lehen kontzertu jendetsua. Urteak pasatu dira Un día en el mundo diskoarekin zale andana liluratu zutenetik, eta ordutik makina bat aldiz aritu dira Bilboko jaialdian; baina, antza, jarraitzaileek lehen urtean bezala disfrutatzen dute haiekin. Ordu berean jo zuen Khruangbin hirukoteak, oholtza txikiago batean, eta ikusle kopuru handiaren arreta bereganatu zuen haien eskaintza instrumentalak. Groove handiko riffak eta jazz erritmodun bateria. Eskertzen da jaialdietako gidoitik ateratzen diren proposamenak.

Topikoak apurtzeaz hitz eginez gero, baina, ezinbestean aipatu behar da Baiuca. Hipnotikoa zen Galiziako doinu tradizionalak elektronika dotorearekin uztartzeko duen abilezia: muñeirak, gaitak eta sample-ak. El_Txef_A Oreka TXaren abestiekin jolasean balego bezala, baina galiziar erara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.