Irrati bidezko unibertsitate irakasle eredugarria

 

Martxelo Otamendi -

2019ko uztailak 15

Ez zitzaion gustatu Juan Mari Bandres zenari Mariano Ferrerek manifestazioetan parte hartzen zuten herritarrak zenbatzeko orduan erabili ohi zuen zorroztasuna, baita Marianoren gustuko manifestazioak zirenean ere. Behin, Franco hil eta oso urte gutxira, Donostian, euskal preso politikoen amnistiaren aldeko manifestazio jendetsua egin zen batean, Marianok parte hartzaileen kalkulua egin berria zeukala –hiru parametro nagusi: luzera metrotan, pertsona metro karratuko, manifestazioaren iraupena—, manifestazioaren antolatzaileetako bat topatu zuen, Bandres. Bandresek iradoki zion Marianori sekulako jende pila egon zela eta irratian kopuru handia eman behar zuela, 30.000 inguru. Marianok, Bandresen etsipenerako, erantzun zion bere lanbidea informazioa ematea zela, ez propaganda egitea, eta berak zenbatutako kopurua emango zuela irratian, eta ez antolatzaileei komeni zitzaiena. Lehen ikasgaia kazetari batentzat, zailena delako askotan gainditzen ez duguna: zure irizpideetatik gertuen daudenekin izan behar duzu zorrotzen, ofizioaren sinesgarritasuna bidelagunen unean uneko interesen gainetik jarrita.

Anekdota horrek ederki adierazten du, horrelako asko kontatzen zizkigun, hil berria zaigun Mariano irakasleak gure lanbideari buruz zeukan ikuspegia. Euskal Herriko kazetaritzaren maisu handi eta oparoa joan zaigu Marianoren heriotzarekin. Berak erakutsi zigun zorroztasuna gure eginda eta horretarako egunik aproposena ez dela ohartuta, nota txarra atera zuen ikasgai batean: euskara. Berandu, oso berandu, iritsi zen oinarrizko ezagutzara. Beste maila erreferentzial bat edukiko zukeen euskarazko kazetaritzak Marianok euskaraz ere garatu izan balu bere jakintza.

Zorrotz jardun zuen Marianok, nahiz askotan zorroztasun horrek oso egoera ezerosoan jarri bera. Gogoan izatekoa da ETB2ko Sin permiso eztabaida saioaren arduradun eta aurkezle zela erakutsi zuen sendotasuna. Alderdi demokratikoek ezker abertzaleari boikota egiten zioten garaia zen, 1989ko urria. Programaren lehen atalean, Marianok gizarteak politikoen gainean zeukan iritziaz jarduteko adituak eraman zituen saiora, eta alderdi politikoetako ordezkariak gonbidatu zituen publiko balira bezala. Ezker abertzalea ere gonbidatu zuenez, boikota muturreraino eramanda, EAJk, EEk, PSOEk, CDSk eta PPk uko egin zioten programan parte hartzeari. Ezker abertzaleko kide Iñaki Esnaolarekin batera, soilik Joseba Azkarraga (EA) eta Isabel Lopez Aulestia (Ezker Batua) egon ziren. Marianok ez zuen atzera egin, nahiz alderdi nagusiek boikota egin programari. Beste kazetari askok, ondorioen beldur, bertan behera utziko genukeen saioa. Marianok ez, egin egin zuen saioa, demokratak lotsarazita eta kazetarioi lezio bat emanda. Komunikazio Zientzien fakultateetako sarreretan jartzeko modukoa.

Beste bat. Ertzaintza Donostian hedatu berritan, intsumisoek protesta eserialdia egin zuten Bulebarrean asteburu bateko eguerdi batean, eremu hori artean zirkulaziorako irekita zegoela. Ertzaintzaren lehen esku hartzea izan zen Donostian, eta aurrekoak baino goxoagoak ez zirela izango lehen egunetik argi uzteko, sekulako egurra eman zieten furgonetatik atera eta berehala lurrean era baketsuan eserita zeuden manifestariei. Ez ahaztekoa da hurrengo astelehenean askoren oroimenean iltzatuta geratu den El Kiosco de la Rosi saioan egin zuen analisi gogorra. Gutxitan bezala entzun genuen Mariano tonua altxatuta, haserre, berezko zuen patxada esekilekuan zintzilik utzi zuen jakaren sakelan nahita ahaztuta.

Minez, baina ez gorrotoz, kontatzen zuen beste askorekin batera sortu berria zuten Egin egunkariko arduradun politikoek, ETAk Nafarroan egin zuen lehen hilketa editorial batean kritikatu zuelako, irteerako bidea erakutsi ziotenekoa. Horrek ez zion inoiz eragotzi erabateko elkartasuna adieraztea Egin-i Baltasar Garzon magistratuak bidegabeki itxi zuenean. Lan konprometitua egin zuen, jakinda ordura arte zabalik zeuzkan ate batzuk itxita aurkitzeko arriskua zeukala. Horren adibide, 18/98 sumarioko akusatuak jasaten ari ziren injustizia salatzeko sortu zen elkartasun batzordean egindako jostun lana eta parte hartutako ekitaldi sorta luzea. Bost axola Marianori konpromiso horien ondorioak, oinarrizko eskubideak urratuta zeuzkaten herritar batzuen egoera larria lehenesten zuelako. Bigarren ikasgaia kazetariontzat. Eskubideak unibertsalak dira, horien falta jasaten ari dena ideologikoki gertukoa edo urrutikoa izan.

Euskaldunon Egunkaria-ko langileok eta zuzendaritzako kide auzipetuok ez dugu sekula ahaztuko itxiera gertatu zenean Marianok erakutsi zigun elkartasuna.

Jendaurreko azken jarduna Tolosan egin zuen, apirilaren hasieran, Garbiñe Biurrun magistratuarekin batera Gara-ri ezarri nahi dioten espolioa salatzeko mahai inguruan.

Gaur egun gero eta maizago ikusten ditugu, komunikazio teknologia berriak erabiliz, aldi berean mundu osoko milaka ikasleei eskolak ematen dizkieten irakasle unibertsalizatuak. Aspaldi asmatu zuen Marianok metodo hori, irrati bidezko unibertsitatea esan geniezaiokeena. Zer zen bada, askotan, Donostiako Herri Irratian egin zuen El Kiosco de la Rosi irratsaioa kazetaritza eta gizarte eskolak emateko fakultatea ez bazen?

Hizlari bikaina, hitza hartzen zuenean entzuleek ikasle moduan jartzen zuten beren burua, jakinda ondo landutako eskola magistrala emango zuela. Oso gutxik bezala menperatzen zuen hitzaldiaren teknika, maisua baitzen hitzaldiaren muin nagusiak, katebegiak balira bezala, bata bestearen atzetik kateatzen. Ondo tartekatzen zituen hitzaldian zehar entzuleari egindako interpelazioak, zuzenean batzuetan, zeharka gehienetan. 

Gehiegikeriarik gabekoa zen Mariano. Austeroa bere bizitza pribatuan, behin baino gehiagotan entzun genizkion "zergatik erosi behar ditugu urtero hiru alkandora berri iaz erositakoak estreinatu gabe baldin badauzkagu" eta antzeko kezkak.

Maisu garrantzitsua galdu du gure herriko kazetaritza eskola ez-arautuak. Asko zor diogu kazetariok eta herritarrek.

Ikusten duzu, Mariano, zuri horrenbeste hitzaldi entzun eta txosten irakurrita, ez dugu hala ere ikasi lau ideia taxuz josten.

Oharra: Artikulu honen aurreko edizio batean jarri dugu 1994an izan zela Sin Permiso telebista saioko pasadizoa, baina ez zen hala; 1989 eta 1990 artean izan zen.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: