Berri Txarrak

Ia hiru orduko "ikusi arte" bat Kobetamendin

20.000 lagun baino gehiago elkartu ziren atzo Kobetamendin, Berri Txarrak Lagun Artean emanaldian. Ibilbidean garrantzitsuak izan diren musikariekin izan zen oholtzan hirukotea, ia hiru orduko kontzertu batean.

Nagore Arin.
2019ko uztailaren 15a
16:18
Entzun

Eguzkia dirdiratsu eta zaleak gogotsu, bederatziak jota kontzertua noiz hasiko zain. Broken Brothers Brass Band talde irundarra izan zen giroa aztoratzen lehena. Zale guztien begiradapean, bederatziak eta laurden aldera sartu ziren korridore zentraletik. Talde nafarraren kantu ezagunenen melodiak joz igo ziren agertokira, zelaian zeuden 20.000 ikusle baino gehiagoren ahotsen ainguran. Minutu gutxi barru agertu zen hirukotea; irribarretsu, indartsu eta ilusioz. Agertoki askotan egin duten moduan, Beude abestiarekin hasi zuten jarduna. Keinu nostalgikoa, ibilbidea hasi zutenetik orain arte bidelagun izan dituzten eta "gure kulturaren birikak" izan diren gaztetxe, antzoki eta txoko guztientzat.

Lehenaren ondotik etorri ziren bigarrena eta hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena, eta, horrela, 37.a ere. Kantuz kantu, gaindituz joan zen Kobetamendiko giroa. "Ederra liatu duzuena", esan zuen Urbizuk, aurrean zituen zale guztiei begira. Zaleak bakarrik ez, lagunak ere agurtu zituen hirukoteak. Jurgi Ekiza izan zen lehena, Willis Drummond eta Era Batera taldeetako kide eta abeslaria. Gonbidatuak eta kantu soilak tartekatuz, Aritz Mendieta Deabruak Teilatuetan taldeko ahotsa izan zen hirukotearekin batera Kobetamendi girotzen hurrena. Ondoren etorri ziren Aiora Renteria (Zea Mays), Ricky Falkner (Love of Lesbian) eta Marti Perarnau (Mucho), David Ruiz (La M.O.D.A.), Iñaki Matxet (Sega Sound Killers), Facu Diaz eta Toni Mejias (Los Chicos Del Maiz), Iseo (Iseo & Dodosound), Matt Sharp (Weezer), Anari Alberdi (Anari) eta Karlos Osinaga (Lisabo), eta Aitor Gorosabel (Su Ta Gar).

Ikuskizuna amaitzear, Nerea Urbizu (Katamalo) eta Enrique Villareal (El Drogas)igo ziren oholtzara. Kanturako beste, aldarrikapenerako unea izan zen Urbizuanai-arrebek Min hau abestu zutenekoa, Altsasuko gazteak gogoan. Hurrena, Maravillas. El Drogasen ahots baxua eta Berri Txarrak hirukotearen pasioa, zeru izartsu bat marraztuz sakelakoen linternak piztuta abestu zuten zaleekin batera.

Ia hiru ordu betetzear, azken hiru kantuak jo zituen taldeak, zein baino zein esanguratsuagoak. Lehena, Ikusi arte kantu mitikoa, hogeita bost urteko ibilbidearen ondoren Soilik agur esan nahi ez duen hirukotearen akordeetan sendo. Gero, Denak ez du balio, emanaldia amaitzerik nahi ez zuten ikus-entzuleen ahotan ozen. Azkena, Katedral bat, haria eten ez dadin gitarrak astintzen eta kantuak sortzen jarraitzeko gonbita zuzen.

Kontzertu berezia izango zela iragarri zuten. Hala izan zen. Hogeita bost urteko ibilbide oparoaren ondoren, 20.000 lagun baino gehiago elkartu zituen bart Berri Txarrak taldeak. Hamazazpi gonbidatu eta 37 kantu. Ia hiru ordu. Zifra urri dira bizi izan dutena eta atzo bizi izandakoa laburbiltzeko. Ikusi arte esango du hirukoteak azaroan, hilaren 22an eta 23an egingo dituzten azken kontzertuetan. Zaleentzat, ordea, ez da Ikusi arte bat izango, talde nafarraren doinuek inoiz baino ozenago iraunen baitute, bizirik. Ezean, beti egongo da berriz ere gitarra astindu eta barruan kanturik duen ikusteko aukerarik.

[youtube]https://youtu.be/X9J556mkqmA[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.