Migrazioa

Trumpek jada abiarazi ditu migratzaileak atxilotzeko sarekadak

AEBetan "legez kanpo" dauden 2.000 migratzaile baino gehiago atxilotu eta deportatzeko sarekada hasi zuen atzo presidenteak.

Emakume bat Trumpen aurkako aldarria esku artean, Virginian. ERIK S. LESSER / POOL / EFE
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 15a
16:34
Entzun

Iritsi da atxiloketa olatua. Azken egunotan iragarri bezala, Donald Trump AEBetako presidenteak abiarazia du migratzaileen aurkako sarekada. Gobernuko informazio iturriek CNN eta NBC hedabideei jakinarazi dietenez, atzo hasi zuten deportatzeko arriskuan dauden migratzaileak atxilotzeko operazioa.

ICE Immigrazio eta Aduana Indarra agentzia da sarekadak egitearen arduraduna. Agenteak atez ate ari dira AEBetako hainbat hiri nagusitan, deportazio agiriak eskuan, migratzaileak atxilotzeko asmotan. Hauek dira ICEko agenteak igarotzen ari diren hiriak, hurrenez hurren: Atlanta, Baltimore, Chicago, Denver, Houston, Los Angeles, Miami, New York eta San Frantzisko. Zerrenda horretan zegoen New Orleans ere, baina Barry ekaitza dela eta, eten egin dira bertan egitekoak.

Ken Cuccinelli Herritartasun eta Immigrazio Zerbitzuko jarduneko zuzendariak adierazi duenez, ICE agentziak ez du emango sarekadaren eta atxiloketen inguruko xehetasunik. Hala ere, azpimarratu du "kriminal biolentoak" eta "delitu larrienak dituzten gaizkileak" atzematea dela lehentasuna. Halaber, adierazi dute, migratzaileak atxilotzeko erabiltzen ari diren arrazoien artean ez daudela "muga legez kanpo igarotzea" eta halako delitu arinak.

Trumpek joan den hilabetean eman zuen sarekada abiatzeko asmoaren berri. Ordutik, atzeratu egin da kontua, administrazioarekin izan dituzten desadostasunak direla eta. The New York Times egunkariak duela bi egin argitaratu zuen albistea, eta, 24 orduren ostean, martxan da  sarekaden operazioa. GKE gobernuz kanpoko erakunde ugarik azaldu dutenez, asko dira AEBetan deportazio agindupean bizi direnak, baina inork ez die hori jakinarazi legeak galdegiten duen moduan. Hala, GKE horien esanetan, abokatu bat bilatuz gero kasua berriz irekitzeko aukera izango lukete migratzaileek.

ACLU Askatasun Zibilerako Elkarte Amerikarrak prebentziozko demanda bat jarri zuen iragan ostegunean, atxilotutako familiek tribunal baten aurrean euren kasua defendatzeko eskubidea dutela azpimarratzeko. Bestalde, Donna Lieberman New Yorkeko Askatasun Zibilerako Elkarteko zuzendariak salatu duenez, "Trumpen administrazioaren mehatxuek oinarrizko legeari eta berezko prozesuari egiten diete eraso". Esan du, halaber, erbesteratzea "hil edo biziko mehatxua" dela, batez ere indarkeriatik ihesi etorri diren errefuxiatu eta familia askorentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.