Lan istripua

Langile bat zauritu da Anoeta estadioko lanetan, egituretako batetik erorita

Zauritua Donostiako ospitalera eraman dutela jakinarazi du Sos Deiak Eusko Jaurlaritzaren larrialdi zerbitzuak; langilea bere kordean zegoela ospitaleratu dute. ELA sindikatuak BERRIAri azaldu dionez, estadioaren iparraldeko estalkia jartzen ari zen harmailen goialdean, eta egitura hautsi egin da. Egiturarekin batera jausi da behargina.

Istripua gertatu den Anoetako estadioaren iparraldeko aldea ikus daiteke irudian. JAVIER ETXEZARRETA, FOKU
2019ko uztailaren 18a
11:33
Entzun

Donostiako Anoeta estadioaren obretan, lan istripua gertatu zen atzo arratsaldean, eta langile bat zaurituta eraman zuten ospitalera. ELA sindikatuak BERRIAri adierazi dionez, langilea estadioaren iparraldeko estalkia jartzen ari zen, harmailen goialdean. Arnesa egiturari lotuta zeukan, baina egitura zatitu egin da, eta harekin batera erori zen langilea, hogei metro baino gehiagotik. Langilea 51 urteko gizonezkoa da, Valentziakoa (Herrialde Katalanak).

ELAk jakinarazi du langilea Cimpra enpresakoa dela. Enpresa hori azpikontratatuta ari da lanean, estadioaren goiko estaldura egiteko.

Sos Deiakek atzo 18:20an jaso zuen abisua, eta estadiora bertaratu ziren zerbitzu medikuak, suhiltzaileak, udaltzainak eta Ertzaintza. Behargina ospitalera eraman zuten, eta operazio gelan sartu zuten, kolpe handia jaso baitzuen buruan, hanketako batean eta toraxean.

ELA sindikatuak deituta, Lan Arrisku ikuskari bat ere joan zen Anoetako lanetara. Ikuskaria istripuaren zergatiak aztertzen ari da.

Sindikatuek hainbatetan salatu dituzte Anoetako lanetan lan baldintza prekarioak ezarri direla eta lan hitzarmena urratu dela. Igor San Jose ELAko eraikuntza alorreko arduradunak nabarmendu du "hasieratik" egin direla gauzak oker Anoetako lanetan, behar baino kostu txikiagoarekin adjudikatu zelako obra, eta behar baino epe laburragoetan. "Azkar eta merke egitera jokatzen denean, horrelako gauzak gertatzen dira".

ELAk hemezortzi enpresa salatu zituen, ekainean, gutxieneko lan baldintzak ez zirela errespetatzen iritzita. San Josek orduan azaldu zuenez, enpresek 200dik gora langileren dokumentazioa faltsutu dute, 250.000 euro baino gehiagoko isunak ordaindu behar izan dituzte, eta 4,5 milioi eurotik gorako zorra pilatu dute ordaindu gabeko soldatetan eta Gizarte Segurantzari pagatu gabeko kotizazioetan.

BERRIAk erreportaje sorta egin zuen Gipuzkoako azpiegitura handietako lanetan ezarri diren lan baldintza prekarioei buruz, eta Anoetako estadioko lan baldintzen egoeraren berri eman zuen obra barrutik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.