Euskarabentura 2019

Bizi beharreko esperientzia

Hemezortzi egun igaro dira jzioquitarrek 2019ko EuskarAbentura espedizioa hasi zutela. Euskal Herriko hainbat txoko igaro ostean, Gipuzkoan sartu ziren hilaren 15ean. Gaur, Tolosatik Hernanira bitarteko bidea egingo dute. Andoainen egin dute geldialdia, BERRIAren egoitza eta egunerokoa bertatik bertara ezagutzeko.

Zutik, ezkerretik: Odriozola, Larretxea, Aguerre, Zarate eta Azkarai. Behean, ezkerretik: Saratxu, Tirados eta Retegi. BERRIA
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 18a
11:37
Entzun

Nekatuta, baina zoriontsu. Horrela daude Unax Odriozola (Tolosa, Gipuzkoa), Maddi Larretxea (Hondarribia, Gipuzkoa), Ander Azkarai (Forua, Bizkaia), Nahia Saratxu (Larrabetzu, Bizkaia), June Tirados (Gasteiz, Araba), Maelle Aguerre (Senpere, Lapurdi), eta Ema Retegi (Zuraide, Lapurdi), 2019ko EuskarAbentura espedizioko jzioquitarrak. Antzera dago Jon Zarate (Bermeo, Bizkaia) hezitzailea ere, bigarren urtez espedizioan, oraingoan xerpaburu lanean.

Mauletik abiatu, eta, etapaz etapa, hemezortzigarren eguna izan dute gaurkoa. Gogotsu daude bidean aurrera jarraitzeko, espedizioaren erdia jada egina izateak dakarren errutina menperatuta. Hala ere, hasierako egunak gogorragoak izan zirela aitortu dute. "Lehenengo hiru egunak pasatu ondoren hasi ginen ohitzen, errutinara moldatzen", adierazi du Tirados gazteak. Gainera, kilometroen pertzepzioa aldatu egin zaiola nabarmendu du: "Hona etorri baino lehen, astakeria iruditzen zitzaidan 15 kilometro ibili behar izatea; orain, albiste zoragarria da 15 kilometroko etapa bat egingo dugula jakitea". Larretxearen ustez ere, nabarmena da bilakaera: "Ohituz joaten zara; gainera, albokoarekin hitz eginez eta geldialdi txikiak eginez askoz ere eramangarriagoa da bidea".

Bada kilometro horiek guztiak oinez egin behar izana sorpresaz harrapatu duenik ere. Odriozolaren esanetan, ibilbidearen gehiengoa autobusez egingo zutela uste zuen, lasaiagoa izango zela: "Ez zait gaizki iruditzen, baina ez nuen espero". Kilometroez harago, bazituzten espedizioaren gaineko aurreiritzi gehiago. "Gutxiago dutxatuko ginela uste nuen", adierazi du Tiradosek, gainerakoen barre artean. "Hainbeste gazte izanik, talde txikitan ibiliko ginela uste nuen, baina giro ederra dago hitz egiten duzunarekin hitz egiten duzula", aitortu du Larretxeak.

Leku ezezagun batera ezagunik gabe joatearen beldurra dute askok. Ez da Azkarai, Saratxu eta Tiradosen kasua. Espediziora "bakarrik" joateko hautua egin zuten hiru jzioquitarrek, esperientzia berri baten bila beste, lagun berrien bila. "Ez da lehen aldia. Beste kanpaldi batzuetara ere joan izan naiz bakarrik. Nahiago dut: jende berria ezagutzeko aukera paregabea da", dio Azkaraik. Iritzi berekoa da Saratxu ere. Tiradosek, aldiz, lagunekin batera eman zuen izena, baina bera bakarrik onartu zuten: "Pentsatu nuen aukera polita izan zitekeela jendea ezagutzeko. Ez zitzaidan burutik pasatu ezezkoa esatea".

Ezagutuz ikasi

Guztira, 783 kilometroko ibilbidea egingo dute jzioquitarrek, Euskal Herri osoan zehar. Kilometro asko dira, baina inoiz ezagutuko ez zituztela pentsatzen zuten txokoak ezagutzeko aukera izan dute nerabeek. "Aberasgarri" gisa izendatu dute aukera hori, eta, Azkaraik esan duen moduan, aukera paregabea da "gero jaietara joateko".

Geldiune ugari egin dituzte ibilbidean zehar, eta, geldiune horietan, Euskal Herriko hainbat pertsona ospetsu eta interesgarri aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dute. Hitzaldi ugari entzun dituzte: Zarate xerpaburuaren arabera, "elkarteak ontzat dauzkan balioak sustatzen dituzten edukiak" jorratzen dituztenak. Mintegi horiek, gainera, Euskal Herriko errealitate desberdinen lekuko izan dira, lekuan lekuko bereizgarriak eta gatazkak landu gura dituztenak. Esaterako, "sexu eta genero identitate aniztasuna" ardatz duen hitzaldia izango dute gaur arratsaldean, Hernanin, Hiruki Larroxa Kolektiboko Ibai Fresnedo eta Egoitz Arbiol kideen eskutik.

Ezagutuz ikasi dute, baina izan dira ulermena baldintzatu duten faktoreak. "Gaztelaniatik eratorritako hitz asko erabiltzen ditugu ohartu gabe, eta ez gara konturatzen Iparraldeko gazteek diskurtsoaren haria gal dezaketela", adierazi du Zaratek. Horixe aitortu dute Agerre eta Retegik –lapurtarrak biak–: "Hasieran ez genuen ezer ulertzen, galdu egiten ginen, baina, egunak pasatu ahala, ohitzen ari gara". Neurri txikiagoan, baina antzeko zerbait gertatu zitzaien hasieran gainerako kideei ere, esaterako, laborarien hitzaldia izan zutenean, Iparraldean. Denborarekin, askotariko euskalkietara ohituz joan zaizkie belarriak, eta guztiek nabaritu dute bilakaera. Larretxearen esanetan, "hasieran %100 jarri behar zenuen arreta; apur bat deskonektatzen bazenuen, galdu egiten zinen. Orain, bestelakoa da kontua: ohitu egin gara".

Ikasiz irakatsi

Etaparik eta hitzaldirik gabeko uneetan, taldeko proiektuak jorratzen dituzte espedizioko kideek. Hausnarketarako bidea loratzen duten taldeak dira, esparru askotariko gaiak jorratzen dituztenak. Odriozola, Saratxu, Retegi eta Tirados, esaterako, elikaduraren kudeaketaz eta menuak diseinatzeaz arduratzen dira. "Oraingoz, lurralde bakoitzeko menu bat egiten ari gara, tokian tokiko elikagai esanguratsuekin. Ondoren, guztiak konbinatu egingo ditugu", adierazi du Odriozolak. Agerre eta Azkarai ere talde berean daude, Euskal Herrira etorritako atzerritzarren eta immigranteen testigantzak jasotzen. "Testigantza guztiak bildu ondoren, istorio edo antzerki moduko bat egingo dugu", adierazi du Azkaraik. Larretxearen taldearen kasuan, herri bakoitzeko pertsona garrantzitsuak eta historikoak aurkeztuko dituzte: "Amaitzerako, hiru pertsonaia aukeratuko ditugu, baina oraindik ez dugu zehaztu zein izango diren".

Asmoa da espedizioa amaitu baino lehen talde bakoitzak bere proiektua gainerako kideen aurrean aurkeztea, ikasi dutena plazaratu eta irakasteko. Zarate xerpaburuak adierazi duenez, "standby" egoeran daude erronkak, denbora libre gutxi izaten dutelako horiek garatzeko. Gainera, denbora librea dutenean bestelako kontuak egitea lehenesten dute jzioquitarrek: "Lo egiten dugu, jan, arropa garbitu, elkarri masajeak eman edo gitarra jo", adierazi du Tiradosek.

Horiez gain, badira talde gehiago ere: energiarena, kasurako. Tiradosen hitzetan, "aspergarri samarra" da energiaren proiektua; "hasieran ez zuen inork aukeratu nahi izan". Bestelakoa da Zarateren iritzia: "Interesgarria eta beharrezkoa da energiaren gaia lantzea, erabili gabe kargagailuak entxufatuta edo ordenagailuak piztuta uzteak dituen ondorioen inguruan hausnartzeko". Bestalde, zaborraren eta ingurumenaren inguruko gogoeta egin ohi dute talde guztiek, egunez egun sortzen duten zaborra neurtu eta emaitzen inguran hausnartzeko.

Ezin hitzez adierazi

Zaila da orain artekoa laburbiltzea, hitzez behintzat. Hori adierazi dute guztiek. Ahalegin apur bat eginda, "bizi beharreko esperientzia" gisa izendatu du Azkaraik espedizioa, eta orain arte bizi izan duena aberasgarria izan dela nabarmendu. "Ahaztezina" dela dio Larretxeak, hamahiru egun barru espedizioa amaitu egingo dela sinetsi ezinik. Tiradosek ere "gogoratuko dugun zerbait" bezala izenpetu du esperientzia, espediziora "bakarrik" iritsi izanaz damutu gabe. Zer esan ez zekitela geratu dira besteak, baina gauza bat argi dute. Guztiek gomendatuko luketen esperientzia da EuskarAbentura, begiak itxita errepikatuko luketena. Zergatiaz galdetzean: "Ezin da azaldu zergatik: bizi egin behar da", esan du Larretxeak.

Hemezortzi egun eta ehunka kilometro bizkarrean, hamahiru egun geratzen dira aurtengo espedizioa amaitzeko. "Abestia kantatzen dugun bakoitzean hunkitzen naiz; ez dut imajinatu nahi nola amaituko dugun ibilaldia", dio Larretxeak. Harekin batera, beste 121 jzioquitarrek esango diote agur 2019ko EuskarAbentura espedizioari, Zarate xerpaburuaren esanetan, "izaera berezia" duten nerabeak guztiek. Bigarren aldia amaituko da, baina izango da hirugarrenera joateko aukerarik. Hezitzailearen arabera, "bizitzaz ikasteko eta bizitzen ikasteko" aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.