OSASUNA

Kanpoko profesionalek jarriko dituzte Osakidetzako oposizioetako azterketak

2016-2017ko lan eskaintzatik zintzilik daude beste 26 postu, eta urrian egingo dituzte probak. Iruzurra eragozteko neurri gehiago hartuko dituzte, lehen aldiz: epaimahaiak zozketaz hautatuko dituzte, eta azterketako galderak ere bai.

Osakidetzako lan eskaintza bateko argazkia. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 22a
07:20
Entzun

Osakidetza neurri gehiago hartzen hasi da oposizioetan iruzurra eragozteko. Iazko udaberrian polemika handia sortu zuten mediku espezialitate batzuetako probek: oso emaitza irregularrak izan ziren —batzuek, oso nota ona; besteek, oso kaskarra—, eta filtrazio zantzuak sumatu zituen fiskalak. Auzibidea zabalik dago. Aurtengo udazkenean beste lan eskaintza bat egingo du Osakidetzak, eta jakinarazi du aintzat hartu dituela Arartekoak egindako proposamen batzuk; besteak beste, epaimahaiak zozketa bidez hautatzea. Beste neurri esanguratsu bat ere hartuko du: azterketaren edukia kanpoko profesionalek prestatuko dute —proba teorikoa ez ezik, praktikoa ere bai—. Gainera, azken uneko zozketa batean zehaztuko dute zer galdera sartu.

Postu aldetik, lan eskaintza mugatuagoa da udazkenekoa: mediku espezialisten 22 postu eskainiko dituzte, eta teknikari biologoen lau postu. 2016-2017ko lan eskaintzatik zintzilik daude postu horiek. Prozedura martxan da: 300 lagunek baino gehiagok eman dute izena probetan parte hartzeko. Horietatik %77 emakumeak dira, eta %83 Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi dira. Espero dute urriko bigarren hamabostaldian egitea azterketak.

Proba horiek izango dira oposizioetako iruzurra salatu osteko lehenak, eta Osakidetzako arduradunek agerraldi batean iragarri dute zer neurri hartuko dituzten. Azterketaren edukia kanpoko adituen esku uztea da zutabe nagusia. Gogoan izatekoa da zein den iruzur salaketen oinarria: azterketaren edukia aldez aurretik jakinarazi zietela mediku batzuei.

Fiskalak 11 espezialitatetan sumatu zituen iruzur zantzu horiek, baina akusazio zehatza hiru espezialitatetan egin zuen, besteetan ez zuelako modurik zehazki inor akusatzeko. Epaileak hiru mediku jarri ditu ikerketapean: Anestesiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko epaimahaietako kide bana. Bi delitu aipatu zituen epaileak akusazioko autoan: agirien zaintzan desleialtasuna egitea —dokumentu konfidentzialak ondo ez gordetzea—, eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zutenei edukia filtratzea—.

Iruzurraren ardura osoa epaimahaietako kide horien gain utzi du Osakidetzak hilabeteotan, nahiz eta testigantza ugarik dioten Osakidetzan urteetan egin dutela iruzur hori. Hain justu, hurrengo oposizioei dagokienez, iragarri du deialdian zehazki jasoko dutela epaimahaietako kideek zer "betebehar etiko" dituzten, eta formazioa jasoko dutela nola aritu behar duten argi uzteko.

Osakidetzako hiru arduradun nagusiren dimisioa ekarri du oraingoz iruzurraren auziak: Jon Darpon Osasun sailburuarena, Maria Jesus Mujika zuzendariarena eta Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariarena. Hain justu, epaileak erabakitzeko dauka Osakidetzako arduradunen bat ikerketapean jarri edo ez. Fiskalak hiru lagun aipatu zituen: Soto bera, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria. Fiskal nagusiak ez zituen zuzenean akusatu, eta epailearen esku utzi zuen zer egin.

Salaketa eta auzibide horiek gorabehera, oposizio deialdi hartako postuak emateko prozedurarekin ari da Osakidetza. "Auzitan ez dauden" espezialitateetako azken emaitzak irailean bertan ematekoak dituzte —merituak baloratzen ari dira orain—. Susmopean dauden espezialitateei dagokienez, etenda dago postuak emateko prozedura, epaitegiek zer esango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.