Industria politika

Jaurlaritzak bi funts sortu ditu enpresetan inbertitzeko, denera 175 milioi euro jarrita

Enpresa txiki eta ertainak laguntzeko funtsak 100 milioi euro izango ditu, eta enpresa traktore estrategikoetan inbertitzekoak 75 milioi.

jarraia169180.jpg
Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 22a
07:31
Entzun

Lehendik ere iragarrita zeuden funtsei buruzko xehetasunak eta argibideak eman ditu, gaur, Eusko Jaurlaritzak. Bi funts sortu ditu kapitalari lotutako finantzaketa tresna berriak martxan jartzeko, industria sektoreko enpresei hazten eta sendotzen laguntzeko.

Kapital publiko-pribatuko funtsa izango da bat, hazten ari diren ETE enpresa txiki eta ertainei laguntzeko: udazkenerako 100 milioi euro izango ditu funtsak, eta Jaurlaritzak espero du bigarren fase betean 200 milioi eurora iritsiko dela. Kapitalaren zatirik handiena pribatua izango da, eta kudeaketa ere pribatua izango da: ABE Capital Partners sozietateak kudeatuko du, PwC enpresaren aholkularitzarekin.

"Euskadiko enpresek hazteko eta sendotzeko planak aurrera eramateko gaur egun dituztenei gehitzen zaien beste funts bat da, eta horixe da, hain zuzen ere, helburu nagusietako bat, Euskadiko enpresa ehunak lehiakorragoa izateko eman behar duen jauzia emateko laguntzea", adierazi dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehenedakariak, eta Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu sailburuek. 

Gobernuak dagoeneko jakinarazi dio CNMV balore merkatuaren batzorde nazionalari erreminta abian jarriko dela, eta hark baimena ematen duenean hasiko da martxan.

Funtsean dirua jarri duten erakunde publikoak Jaurlaritza eta hiru foru aldundiak izan dira: Gasteizko gobernuak 12 milioi euroko ekarpena egin du, eta foru aldundiek hiru milioi euro agindu dituzte hiruren artean.

Funtsean dirua jarri duten erakunde pribatuei dagokienez, berriz, hauek dira parte hartzeko asmoa agertu dutenak: finantza erakundeak, enpresa taldeak eta BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak. Horiez gain, Jaurlaritzak espero du Espainiako eta nazioarteko zenbait erakundek ere funtsezko inbertitzaile moduan jardungo dutela funtsean. Azaldu duenez, dagoeneko interesa agertu dute ICO Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuak eta Europako Inbertsio Funtsak.

CAFekin hasitako bideari jarraikiz

Beste funts handiak, erabat publikoa denak, Finkatuz izena izango du. Tamaina handiko konpainia estrategikoen kapitalean epe luzerako begiradarekin parte hartzeko funtsa izango da, eta kudeaketa publikoa izango du, FEE Finantzen Euskal Erakundeak kudeatuko baitu. Finkatuz funtsa 75 milioi eurorekin abiatuko da —kopuru horri 15 milioi euro kendu behar zaizkio, Jaurlaritzak diru hori erabili baitzuen iaz CAFen akzioen %1,24 bereganatzeko—, baina gobernuak espero du 2020rako kopurua 100 milioi eurora handituko dela.

"Enpresa handietan parte hartzeko tresna bat da, epe luzera jarduten du Euskadiko ekonomian errotzen laguntzeko, eta 2017-2020 Industrializazio Planaren lerroei jarraituz. Parte hartze hori elementu estrategikotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak, enpresa horiek ekoizpen ehunean trakzio elementu gisa jardungo dutela bermatzeko", azaldu du lehendakariak.

Finkatuz funtsak enpresa handi baten kapitalean sartzeko, enpresa horrek oinarrizko hainbat irizpide bete beharko ditu: besteak beste 100 milioi eurotik gorako fakturazio bolumena eta gutxienez 50 langile izan beharko ditu; egoitza soziala Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan duten kooperatibak eta kapital sozietateak izan beharko dira —baita sozietate anonimo kotizatuak ere—; berton errotuta egon beharko da, eta errotze kontzeptua enpresaren egoitza fiskalarekin edo egoitza fiskalaren kokapen iraunkorarrekin lotuta egongo da; eta parte hartzea gutxienez %3koa edo %5ekoa izan beharko da —sozietate kotizatuak diren ala ez kontuan hartuta—, eta, gehienez, kapitalaren %20koa.

Parte hartzearen ehunekoak "gutxi gorabeherakoak" direla azaldu dute, eta gorantz edo beherantz aldatu ahal izango direla, sozietateraren tamainaren arabera, baina inoiz ez du gaindituko kapitalaren %49. CAFen, esate baterako, %1,24ko partaidetza erosi zuen gobernuak, gaur zehaztutako minimoaren azpitik.

Irizpideen artean argi utzi dute Finkatuz funtsa ez dela erabiliko krisian dauden konpainiak erreskatatzeko: "Krisian dauden enpresak kanpoan geratuko dira". Halaber, Gasteizko gobernuak zehaztu ditu zeintzuk diren sektore estrategiko lehenetsiak: aeronautika, elikadura, automozioa, biozientziak, eduki digitalak, ekoindustriak, energia, makineria, produktu edo instalazio siderurgikoak, teknologia elektronikoak eta informazioaren teknologiak, eta garraioa, mugikortasuna eta logistika.

Aipatutako irizpideak betetzen dituzten 100 sozietate inguru identifikatu ditu Jaurlaritzak, eta iragarri du 2020ko lehenengo seihilekoan erabakiko dituela egindako inbertsioak —CAFeko akzioen erosketa, 15milioi eurotan— osatuko dituzten hurrengo inbertsioak, 100 milioi eurora iritsi arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.