Espainiako Gobernuaren osaketa

Ezezkoa berretsi du eskuinak, eta Iglesiasek "errespetua" eskatu dio Sanchezi

Espainian koalizio gobernua osatzeko eskaintza ez ezik, "beste aukera asko" ere badaudela esan dio Pedro Sanchezek Pablo Iglesiasi; inbestidura akordio bat edo legealdirako akordio bat egitea, adibidez. Bihar jarraituko dute taldeen hitzaldiekin; besteak beste, EAJ eta talde mistokoak falta dira —EH Bildu eta UPN tartean—.

Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias, gaur, Espainiako Kongresuan. J.J.GUILLéN / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko uztailaren 22a
07:20
Entzun

Abstentzioa eskatu die goizean, baina ezezkoa argia izan da. Aurkako botoa emango dutela berretsi dute PPko Pablo Casadok, Ciudadanoseko Albert Riverak eta Voxeko Santiago Abascalek, eta haserre mintzatu da Unidas Podemoseko Pablo Iglesias ere. Arratsaldeko saioan, hala leporatu dio Casadok Sanchezi: "Bi orduko diskurtsoa egin duzu, ezer ez esateko". Bi ordu horietan "lazo horidun elefante morea" ez aipatzea egotzi dio: "Ez Podemos, ez sozio independentistak, ez dituzu aipatu". Bide beretik jo dute Riverak eta Abascalek ere, eta Iglesiasek "errespetua" eskatu dio PSOEren presidentegaiari.

Eguerdiko etenaldian, Kataluniako prozesua EAJk eta EH Bilduk Sanchezi leporatu diote ez aipatu izana lurraldetasunaren auzia. Aitor Esteban bozeramaile jeltzalea, esaterako, "harrituta" agertu da Sanchezek ez duelako Katalunia aipatu, eta gogora ekarri du beharrezko duela independentista katalanen abstentzioa: "Sentsazioa izan dut PSOEren ideia aletzen ari zela, baina ez Podemosekin egin beharreko akordioa". EH Bilduko Mertxe Aizpuruak ere leporatu dio Sanchezi Kataluniako prozesua aipatu ez izana: "Beste alde batera begiratu du, eta entzungor egin dio errealitateari".

20:45 pasatxoan, eten egin dute gaurko saioa, eta bihar jarraituko dute gaur hitzaldia egiteko tarterik izan ez duten taldeek. Bihar arituko dira, beraz, EAJko, ERCko eta talde mistoko bozeramaileak —tartean, EH Bildu eta UPN—, eta Espainiako presidentea hautatzeko lehen bozketa egingo dute ondoren.

Iglesiasekin izandako eztabaidan, PSOEk Unidas Podemosi egindako "eskaintzak" aletu ditu Sanchezek, eta koalizio gobernu bat osatzea eskaini dio. "Zuekin gobernatu nahi dugu, hiritarren aldeko politika ugari aurrera atera". Koalizio gobernurik ezean, "beste aukera asko" daudela ziurtatu du Sanchezek, inbestidura akordio bat edo legealdirako akordio bat egitea, adibidez. Iglesiasek, ordea, "errespetua" eskatu dio Espainiako presidentegaiari, eta ohartarazi dio ez dutela onartuko gobernuan "apaingarri" gisa egotea. Gainera, PSOEkoak PPren eta Ciudadanosen abstentzioa bilatzea ere kritikatu du Iglesiasek: "Jende askok pentsa dezake ez duzula nahi ezkerreko gobernu egonkor bat, edozeren truke presidente izatea baizik [...] Beharrezkoa da gutxieneko koherentzia bat programan eta aliantzetan inbestidura saio batera zoazenean".

PP: "Erradikalekin ezingo duzu gobernatu"

"Ezin duzu etorri denoi zerbait eskatzera ezeren truke", esan dio Casadok, eta "paralisi instituzionala mehatxutzat" erabiltzea egotzi dio PSOEren presidentegaiari. Casadok, berriz, akordioa norekin egin nahi duen kontuan hartzeko eskatu dio behin eta berriz: "Erradikalekin presidente hautatua izan zaitezke, baina ezingo duzu gobernatu".

Balizko akordio horietatik arreta desbideratzeko, Kataluniaz ez aritzea egotzi dio Casadok Sanchezi, eta hala erantzun dio PSOEkoak: "Hitz egin dut Kataluniaz, Extremaduraz, Andaluziaz, Castillaz, Euskadiz, eta gainerako erkidegoez (...) Edo desberdintasun soziala gainditu beharraz ari garenean, ez gara Kataluniaz ari?". Zehazki, Kataluniako prozesuaz ere aipatu du Casadori emandako erantzunean: "Edo zuek ez duzue ezer egiteko asmorik gatazka politiko hori konpontzeko? Zuek, Casado jauna, lurraldetasunaren gatazkatik bizi zarete".

Sanchezen hitzetan, "hipokresia kolosala" da PPk gatazka horretan erantzukizunik ez onartzea. Halakorik dagoenik ere ukatu egin du Casadok: "Ezin duzu esan arazo politiko bat dagoenik, arazo juridiko bat baizik, delitu bat, erlatibizatzen ari zarena". EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegi ere aipatu du: "Ezin izan dute esan damututa daudela presidente egiteaz. Eta Otegi jauna Espainiako Telebistara joan da, eta esan du desio duela zuk gobernatzea". Bere eserlekuei begiratzeko erantzun dio Sanchezek Casadori. "Zenbat ordezkari dituzue Euskaditik?", galdetu, eta "galdera erretorikoa" zela argitu du: "Euskadin, zero diputatu dituzue. Katalunian, bakarra. Bizkarra eman dizuete, ez nazionalistek bakarrik, baita konstituzionalistek ere".

Ciudadanos: "Sanchez eta bere banda"

Bide beretik jo du Ciudadanoseko Albert Riverak ere, eta esan du "antzerki hutsa" izan dela Sanchezen hitzaldia. Kongresuan itxurak egitea leporatu dio, eta atzeko aldetik, Podemosekin eta "separatistekin" bat egitea. "Sanchez plana da: Sanchezentzat eta PSOEko entxufatuentzat ona, baina Espainiako familientzat, txarra". Riveraren hitzetan, "aspalditik" dago martxan plan hori, Sanchezena eta haren "bandarena": "Aspalditik dago martxan banda hori, Euskadin nazionalistekin gobernatzen baituzue". Plan horren barruan sartu ditu, besteak beste, "PSOEkoa ez den oro kriminalizatzea, konstituzionalista guztiak estigmatizatzea eta Otegiri aurpegia zuritzea Espainiako telebistan, nazionalistekin akordioa egitea Nafarroan...". "Oposizioa" egingo duela berretsi du Ciudadanosekoak.

Voxeko Santiago Abascalek, berriz, Espainiako Estatua "propaganda sozialistarako aparatu" bihurtzea egotzi dio Sanchezi, eta ohartarazi du martxan dela "fronte popularra". Sanchezen "lagunak benetako parasitoak" direla esan du Abascalek: "PSOEtik bota zintuzten, ez zutelako nahi komunistekin eta separatistekin gobernatzea; zoritxarrez, gaur PSOE isilik dago, eta okerragoa dena, txalo egiten dizute". Viva España oihu eginda amaitu du hitzaldia Abascalek. Bihar, 09:00etan jarraituko dute eztabaidarekin.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.