Enpresak

Solarisek 160 milioi euroko balioa duten kontratu bi egin ditu

CAF taldeko enpresak 130 autobus elektriko saldu ditu Varsovian, eta beste 90 ibilgailu Berlinen.

Varsovian ibiliko diren Urbino autobusak. CAF
xabier martin
2019ko uztailaren 23a
07:47
Entzun

Uztail historikoa da aurtengoa Beasaingo CAF taldeko Solaris autobusgilearentzat. Hilaren 10ean, Europan jokoan zen autobus kontraturik handiena eskuratu duela jakinarazi zuen, 192 milioi euroko balioarekin. Eta orain, berriz, beste bi kontratuk itxi dute aste gogoangarria CAFentzat, eta argi geratu da bete-betean asmatu duela autobusen merkatuan sartzea erabakita. Lehena Polonian egin du. Varsoviarako 130 autobus elektriko egingo ditu (100 milioi euro); bigarrena, Alemanian. Berlinera beste 90 ibilgailu bidaliko ditu (60 milioi euro).

Poloniako operadoreak, MZAk, CAF taldeko fabrikatzailea hautatu du Varsovia hirirako 130 autobus elektriko hornitzeko. Kontratu hori zen ibilgailu elektrikoen arloan Europan egindako lizitazioen artean garrantzitsuenetako bat. Poloniako hiribururako hautatutako Solaris autobusak 18 metroko Urbino modelokoak dira, eta 300 kilometroko autonomia izango dute. 2020. urtean entregatzea aurrez ikusi dute.

"Solaris harro dago autobus elektrikoak hornitzeko kontratu esanguratsu hau irabazi duelako", esan du Javier Callejak, Solaris Bus & Coach SA enpresako zuzendari exekutiboak. "Urte asko daramagu zero igorpeneko ibilgailuen garapenean oinarritutako estrategian, eta MZArentzako eskari garrantzitsu horri esker, gai izango gara elektromugikortasun arloan Europako lider gisa dugun posizioa sendotzeko".

130 Urbino elektrikoek 150 kWh-ko gaitasuna duten Solaris High Power bateriak izango dituzte. Bateria horien energia elektrikoa entxufe motako karga estazioen eta pantografo bidez kargatuko da. 400 kW baino gehiagoko potentzia duten karga bizkorreko estazioak hiriko hainbat lekutan zabalduko dituzte. Hemezortzi metro luze izango dira autobusak, eta, horri esker, bidaiariak garraiatzeko edukiera handia izango dute. Aire girotua, bidaiarientzako informazio sistema osoa eta, bidaiarientzat erabilgarri, USB karga atakak izango dituzte. Ibilbidean gailu mugikorrak kargatu ahal izango dituzte erabiltzaileek. Ibilgailuak zero igorpenekoak izango dira, betiere. Solarisek mila hiri autobus baino gehiago entregatu dizkio Varsoviari urteotan, eta zerbitzua ematen ari dira hirietako sarean.

Alemaniako kontratua

Era berean, BVG Berlineko garraio publikoa kudeatzen duen enpresak Solaris etxeko ibilgailuak hautatu ditu Alemaniako hiriburuan zerbitzua emateko. Zehatzago esanda, 12 metro luze diren 90 autobus elektriko entregatzea adostu du. Kontratuaren balioa 60 miloi euro baino gehiagokoa da, eta hainbat fasetan banatuta egongo da. Lehen autobusa urte honen amaieran entregatuko dute, eta gainerakoak hiru epetan banatuko dituzte: 29 ale 2020ko lehen hiruhilekoan, 30 ale 2020ko bigarren hiruhilekoan, eta azken 30 aleak 2020ko laugarren hiruhilekoan.

Solarisen autobus elektrikoek, nazioartean, hamasei herrialdetako 50 hiritan baino gehiagotan eskaintzen dute zerbitzua, eta, 2011n era horretako lehen unitateak hornitu zituztenetik, dagoeneko hamar milioi kilometro baino gehiago egin dituzte. "Horri guztiari esker, Solaris eta CAF Taldea autobus elektrikoen Europako fabrikatzaileen artean lider bihurtu dira", esan du CAFek, ohar baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.