Erresuma Batua

Tory-ek Johnson hautatu dute alderdiko buruzagi eta Erresuma Batuko lehen ministro

Atzerri ministro ohia Jeremy Hunti gailendu zaio kontserbadoreen barne lehian. Theresa Mayk bihar egingo du azken agerraldia lehen ministroaren karguan, eta horren ostean jasoko du Johnsonek gobernua osatzeko agindua.

Boris Johnson alderdikideen aurrean, gaur. EFE
ander perez zala
2019ko uztailaren 23a
07:51
Entzun

Erresuma Batuak brexit-aren aldeko lehen ministroa izango du: Boris Johnson Atzerri ministro ohia Jeremy Hunti gailendu zaio Alderdi Kontserbadorearen barne lehian, botoen %66 jasota. Hortaz, toryen buruzagi berria lehen ministro bilakatuko da bihar arratsaldean, Theresa Mayk erreginari jakinarazten dionean kargua utziko duela. Horren ostean, Johnsonek gobernua osatzeko agindua jasoko du, eta Downing Streeteko 10.ean sartuko da. Besteak beste, herrialde zatitu bat eta gauzatu gabeko brexit-a izango ditu aurrean.

Barne lehiaren emaitza jakin ostean, Johnsonek adierazi du herrialdea "batzea", brexit-a "gauzatzea" eta Jeremy Corbyn laboristen buruzagia "garaitzea" izango direla haren agintaldiaren helburuak. Europako Batasunetik (EB) irteteko data bitan atzeratu dute, eta, gaur-gaurkoz, Erresuma Batua urriaren 31n da EBtik ateratzekoa; auzi horretaz, kontserbadoreen buruzagi berriak adierazia du egun horretan atera nahi duela herrialdea talde komunitariotik, eta hori egiteko prest dagoela itunik gabe bada ere.

Herrialdea batzeaz gain, alderdia batzea ere izango du helburu Johnsonek, baina oreka hori lortzea ia ezinezkoa dela erakutsi du Mayren agintaldiak. Kontserbadoreen buruzagi berria alderdikide euroeszeptikoen bultzadari esker iritsi da boterera, baina urriaren 31rako ez badu irteera gauzatzen, litekeena da hura kargutik botatzeko barne presioak areagotzea; eta horri gehitu behar zaio EBtik akordiorik gabe ateratzearen aurkako diputatu toryen presioa ere sumatuko duela datozen hilabeteotan.

Hain justu, egoera horri erreferentzia egin dio Charles Walker diputatuak, barne lehiaren emaitzaren berri eman aurretik: "Datorren lehen ministroarekin aurrekoarekin baino zintzoagoak izan behar gara".

Mayk Johnson zoriondu du Twitter sare sozialaren bidez, eta jakinarazi dio haren babesa izango duela Komunen Ganberako diputatu gisa.

Mayren ordezkoak, ordea, ez du hasiera egokiena izan: Alan Duncan Erresuma Batuaren Europarako eta Amerikarako ministroak atzo eman zuen dimisioa, eta erabaki bera hartu dute gaur Anne Milton Hezkuntza ministroak, Rory Stewart Nazioarteko Garapen ministroak eta David Gauke Justizia ministroak; Philip Hammond Ogasun ministroa pauso bera ematekoa da, Johnsonek brexit-aren prozesuaz duen ikuspuntuagatik.

Hutsegiteetatik ikasi beharra

Testuinguru horretan, Johnsonek Mayren hutsegiteetatik ikasi beharko du: konpromisoa beharrezkoa dela, eta ezinbestekoa dela gainontzeko indar politikoekin hitz egitea eta negoziatzea. Mayk ez zuen halakorik egin berandu izan zen arte, eta planak aldrebestu zizkion 2017ko hauteskunde orokorretan David Cameronek lorturiko gehiengo osoa galtzeak; haren agintaldi kaotikoaren adierazle izan dira 40 bat ministrok utzi dutela gobernua boterean egon den bitartean, eta Komunen Ganberak hirutan esan diola ezetz Bruselarekin adostu duen akordioari. Horietako lehena inoizko porrot parlamentariorik handiena izan zen, 230 botoko aldearekin galdu baitzuen.

Gobernabideari begira, Mayren ordezkoaren lehen zeregina izango da berriz negoziatzea Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) babesa. 2017an gehiengo osoa galdu ostean, DUPen Komunen Ganberako hamar diputatuak gobernuaren euskarria izan dira, eta uztailean amaitzen da adostasuna; baldintza izan zen Ipar Irlandara milioi bat euroko funtsa bideratzea, baina oraingoan Irlandako mugarako protokoloa —backstop-a— egon liteke negoziazioen erdian.

Alderdi unionistak protokolo horren "alternatibak" eskatu izan ditu, tory euroeszeptikoek bezala, eta agintari berriak zerbait eskaini beharko die, bere gobernuak bizirik irautea helburu.

EBren erreakzioa

Europako Batasunak (EB) abisua helarazi dio jada Johnsoni: “Akordiorik gabeko brexit-a tragedia bat izango da denontzat”, ohartarazi du gaur Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak.

Michel Barnier EBren negoziatzaile burua zuhurrago agertu da, eta Erresuma Batuko lehen ministro berriarekin lan egiteko nahia adierazi du, betiere irteera "ordenatu bat" lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.