Norman Foster arkitektoak handituko du Bilboko Arte Ederren Museoa

Museoaren 2.250 metro koadro berrituko ditu, eta beste 5.140 gehitu. Luis Maria Uriarte arkitekto laudioarrarekin batera egingo du Fosterrek proiektua.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko uztailaren 23a
07:41
Entzun

Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren arabera, aho batez aukeratu dute Norman Fosterrek aurkeztutako proiektua. Agravitas izena jarri dio Fosterrek egitasmoari. “Lehia irabazi duen proposamenak guztiz errespetatzen du gaur egungo museoaren egitura. Eraikinaren balioak errespetatuz, etorkizunean kokatzen du, eraikin zaharraren gainean ezarritako galeria baten bidez”, azaldu du Zugazak. Museoa handitu eta eraberritzeko 57 egitasmo aurkeztu dituzte orotara, eta horien artetik sei iritsi dira azken fasera. Bada, gaur bertan eman dio epaimahaiak museoaren patronatuari —Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza— hartu duten erabakiaren berri. 18.658.200 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta 2022. urtearen amaierarako bukatu nahi dituzte.

Joan den abenduan iragarri zuen Zugazak Bilboko Arte Ederren Museoa handitu eta beste eraikin bat «eskuratzeko» asmoa zuela, museoa “modernizatzeko”. Museoaren “ikusgaitasuna” handituko du egitasmoak, Zugazaren hitzetan. Museoaren eraikin zaharraren ate nagusia, Euskadi plazara begira dagoena, itxita dago gaur egun, ondoren eraikitako kristalezko eraikin modernoan baitago sarbidea. Hori da, besteak beste, handitze lanekin aldatu nahi dituzten elementuetako bat. Euskadi plazarekin lotuko da museoa, eta trafikoan ere aldaketak eragingo ditu. “Casilda Iturrizar parkea handitzen du egitasmo honek, Euskadi plazako biribilgunearekin lotuz”.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.