Gizartea

Ertzaintzak uste du amak hil duela Azpeitian itotako 4 urteko mutikoa

Lehen ikerketen arabera, 4 urteko haurra etxeko bainuontzian hil zen, itota. Polizia iturriek BERRIAri azaldu diotenez, hipotesi nagusia da amak ito zuela, eta bere buruaz beste egiten saiatu zela gero. Zaurituta eraman dute ospitalera. Azpeitiko Udalak errespetua eskatu du: "Utz ditzagun alde batera zurrumurruak".

jarraia169256.jpg
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 24a
10:18
Entzun

Arratsaldean jaso zuten deia atzo larrialdi zerbitzuetan: itota zegoela 4 urteko ume bat Azpeitian (Gipuzkoa), baserri batean. Anbulantziako kideak saiatu ziren haurra suspertzen, baina ezin izan zuten ezer egin. 18:00 aldera gertatu zen, Lasao inguruko etxe batean.

Ertzaintzak ikerketa zabaldu zuen heriotza zer-nola gertatu zen argitzeko, eta hipotesi nagusia da hilketa bat izan dela. Uste dute amak hil zuela umea, eta bere buruaz beste egiten saiatu zela ondoren, zauriak eraginda. Donostiako ospitalera eraman zuten emakumea.

Haurraren gorpuari gaur diote autopsia egitekoa, eta horren arabera emango dituzte pauso gehiago ikerketan.

Hilketak zirrara eragin du Azpeitian, eta udalak ohar bat kaleratu du. Samina agertu du gertatutakoagatik, eta babesa eskaini dio sendiari. "Denentzat oso momentu gogorra da", adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Ohartarazi du Ertzaintza ikertzen ari dela zer gertatu zen, eta esamesetan ez aritzeko eskatu du: "Utz ditzagun alde batera espekulazioak eta zurrumurruak, momentu gogor hauetan inori ez diotelako onik egiten, kalte baizik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.