Ekonomia

Azpiazu: "Presio fiskala murrizteko edozein dei ekonomia eta aurrekontu politika txarraren adierazpena litzateke"

Jaurlaritzako Ogasun sailburuak "ekonomiaren susperraldiaz baliatzeko" eskatu du, "funtsezko zerbitzuak eta pertsonak helburu"

Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 24a
10:11
Entzun

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak "bertutezko eredutzat" jo du gaur goizean Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren hazkunde ekonomikoa. 2018ko txosten ekonomikoa aurkeztu du, eta 2019rako aurreikuspen ekonomikoak ere egin ditu. Gasteizko gobernuak espero du aurten ere BPG barne produktu gordinaren hazkundeak %2tik gora eutsiko diola, eta kopuru hori "azpimarragarria" dela adierazi du sailburuak. Halaber, iragarri du 2019a %0,2ko superabitarekin amaituko duela.

Aldagai makroekonomikoei erreparatuz gero, 2018an EAEk EB-15arekin konbergentzia lortu duela nabarmendu du. Pozik agertu da, 2017an abiatutako superabitaren bideari eusten zaiolako eta "benetako hazkundea bere potentzialera hurbiltzen ari delako".

Edonola ere, Azpiazuk nabarmendu du ez dela momentua testuinguru makroekonomiko hori baliatuz zergak jaisten hasteko: "Presio fiskala murrizteko edozein dei ekonomia eta aurrekontu politika txarraren adierazpena izango litzateke". Bada, joan den astean Gipuzkoako Foru Ogasunak adierazi zuen prest dagoela PFEZ errenta zerga jaistea aztertzeko, baldin eta ekonomiaren bilakaerak ahalbidetzen badu.

Sailburuak zergak ez jaisteko eskatu du, arrazoi hau emanda: "Kontuan izan behar da oraindik asko dagoela egiteko krisiaren doikuntzaren ondorioak berreskuratzeko, arrerapauso esanguratsuak eman ditugun arren, batez ere 2019an". Azaladu du doikuntza, neurri handi batean, langile publikoen eta inbertsioen bizkar izan zela: "Gastuaren %40 baino gehiago hartzen duen zebitzu publikoko langileen ordainketen pisu galeraren eta murrizketararako aukera gehiago ematen dituen inbertsioen murrizketan oinarritu zen", Azpiazuren hitzetan.

Hala eta guztiz ere, sailburuak atzera begira ez bizitzeko eskatu du: "Argi geratu behar da krisiaren ondorioz galdu ziren eta zorrak ordeztu zituen diru sarrerak itzuliko ez diren bezala, ezinezkoa dela egin ez ziren gastu haiek berreskuratzea". Are gehiago, "posible denari" bakarrik erreparatzeko eskatu du, kontzeptu anbiguoa, inondik ere: "Ezin dugu denborarik galdu itzuli ezin daitekeen iraganari begira; orainaldiari begiratu behar diogu, eta etorkizuna proiektuatu behar dugu. Posible denari begiratu behar diogu, hau da, ekonomiaren susperraldiaz baliatu behar dugu, funtsezko zerbitzuak eta pertsonak helburu nagusiak direla ahaztu barik, ordainketa mailetan hobekuntzak egiteko eta inbertsio mailak berreskuratzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.