Txirrindularitza

Trentinek helmugaraino eraman du ihesaldia

Italiarra izan da zuhur eta indartsuena , eta berak irabazi du Tourreko 17.etapa. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon.

Mateo Trentin besoak irekita, Gapen lorturiko etapa garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 24a
09:30
Entzun

Mateo Trentinek (Mitchelton) itxura ona eman du Tour osoan, eta Gapen jarrai dio ginga lanari. Etapa ehiztari bikaina da, eta gaurkoa tankera horretako txirrindularientzako aproposa zen. Etapa hasi eta berehala tropelak 34 kideko ihesaldi bat onartu du eta Trentin izan da indartsuena. Bere ibilbidean Tourrean lortu duen hirugarren etapa garaipena da, eta guztira sasoi honetako laugarrena. Sailkapen nagusian ez da aldaketa handirik egon. Tropela hogei minutura helmugaratu da eta Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step) jarraitzen du lider.

Ibilbidea luzea (200 kilometro), gorabeheraz betea, eta Alpeei ekin bezperan, gaurko etapak ihesaldi bat antolatu eta helmugaraino eramateko ezaugarri guztiak zituen. Tropelak ere bazekien, eta hasi eta berehala osatu da. 33 sartu dira, izen handi asko tartean: Trentin bera, Greg van Avermaet (CCC), Bauke Mollema eta Thomas Skujins (Trek-Segafredo), Nicolas Roche (Sunweb), Edvald Boasson Hagen eta Ben King (Dimension Data)... eta Omar Fraile eta Gorka Izagirre (Astana).

170 kilometro egin dituzte elkarrekin, helmugatik 30 kilometrora 11ko talde batek aurrera egin duen arte. Bertan zen Gorka Izagirre. Ormaiztegikoak ilunpean pasa du Tour osoa, baina Gapera bidean hanka onak erakutsi ditu. Trentin zen multzoko esprinterrik onena, baina ausart jokatu du. Bere burua ondo sumatu eta erasoa jo du, helmugatik 11 kilometrora zegoen hirugarren mailako mendatean.

Indartsu dago Trentin, eta inork ezin izan dio arrastoa jarraitu. Berehala ireki du minutu erdi inguruko aldea, eta arazorik gabe kudeatu du azken kilometro bihurrietan. Kasper Asgreen (Deceuninck-Quick Step) izan da bigarren, 47 segundora. Gorka Izagirre seigarren izan da 41 segundora. Hanka onak erakutsi ditu, itxaropena piztuz.

Ostegunean Alpeetako lehen etapa jokatukoda, Tourreko gogorrenetako bat. 208 kilometro ditu eta bi mila metrotik gorako hiru mendate: Vars, Izoard eta Galibier.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.