Kontsumoa

Familien batez besteko gastua 34.200 euro izan zen 2018an, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian

Eustaten arabera, %1,5 igo da etxe bakoitzaren urteko gastua, baina krisi handiaren aurreko kopurutik behera dago oraindik ere erakuslea.

Ersoketak egiten Eroski supermerkatu batean. EROSKI
xabier martin
2019ko uztailaren 30a
13:51
Entzun

2008. urtean, 34.672 euroko gastua egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek, batez beste. Ordutik, familien gastuak gainbehera izugarria izan zuen, krisiak bere zartadarik handienak ematen zituen bitartean. Susperraldiarekin batera, kontsumoa hauspotu egin zen 2013ko bigarren erdialdetik aurrera, eta, 2018. urtean, familia batek egiten duen urteko gastua, batez beste, krisi aurreko mailara hurbildu da, 34.212 euro izan baita, 2008an baino 460 euro gutxiago.

Gauzak horrela, aurreko urtean baino % 1,5 handiagoa izan da familien gastua 2018an. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiei etxebizitzak, urak, argindarrak, gasak eta bestelako erregaiek eragiten diete gasturik handiena; 2017. urtearekiko % 2,9 igo da gastu hori. Familien gastuan, garrantzirik handieneko produktuen taldeanĀ bigarren tokian daude elikagaiak eta edari ez-alkoholdunak. Produktu horiek apenas izan duten igoerarik gastu osoari dagokionez (% 0,6). Gastuak igoera handia izan du, ordea, altzariei, etxeko gaiei eta etxearen mantentze arrunterako gaiei dagokienez (% 10,0). Aldiz, etxe bakoitzaren batez besteko gastua jaitsi egin da produktu hauetan: edari alkoholdunak eta tabakoa (-% 3,6), jatetxeak eta hotelak (-% 6,0) eta aisia eta kultura (-% 0,6).

30.980 milioi euroko gastua

Zenbaki absolutuetan, kontsumoko gastu osoa 30.980 milioi euro izan da 2018an Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, hau da, 2017an baino % 1,9 handiagoa, eta bilakaera desberdinak erregistratu dira gastu taldeetan. Hala, gastu bolumenean esanguratsuenak diren bi taldeetan gora egin du gastuak: etxebizitza, ura, elektrizitatea eta gasa biltzen dituen taldean, % 3,2 igo da; eta edari ez-alkoholdunen taldean, % 1,0. Garraioa % 1,7 igo da, eta jatetxe eta hotelena % 5,6 jaitsi da. Bestela, igoera nabarmena izan du osasunaren arloak (% 6,9), bai eta jantziek, oinetakoek (% 5,4) eta irakaskuntzak ere (% 4,6).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.