Arrantza

Antxoa helduaren biomasa 190.000 tona dela kalkulatu du AZTIk

Biomasa neurtzen hasi zirenetik neurtutako kantitaterik handienetan bigarrena da. Emaitza behin-behinekoa da; azaroan izango dute estimazio osoa.

Antxoa kaxak, Getariako portuan (Gipuzkoa).
2019ko abuztuaren 6a
07:50
Entzun

Bizkaiko golkoan 190.000 antxoa heldu daudela neurtu du AZTI zentro teknologikoak. Bioman ikerketaren emaitza da datua, eta 1987. urtean espeziearen biomasa neurtzen hasi zirenetik erregistratutako kantitaterik handienetan bigarrena da. Iazko datuak ezarri zuen marka: AZTIk 225.000 tona antxoa kalkulatu zituen iazko ekainean.

Edonola ere, aurtengo kantitatea askoz ere handiagoa da espeziearen jasangarritasuna bermatzeko gutxienekotzat jotzen den biomasa baino; 21.000 tona da gutxieneko biomasa gomendatuaren muga.

Maria Santos AZTIren Bioman kanpainako arduradunak azaldu duenez, antxoa helduen biomasa kalkulatzeko, planktonean aurkitzen duten arrautza kopurua eta batez besteko ugalkortasun maila hartzen dituzte kontuan. "Plankton laginetan antxoek errundako arrautzak biltzen ditugu, eta antxoa helduetan ugalkortasun maila neurtzen dugu, batezbestekoa kalkulatzeko; hau da, eme bakoitzak sortzen duen arrautza kopurua".

AZTIren udaberriko kanpainaren datuak behin-behineko emaitzak dira. Emaitza osoak azaroan izango ditu eskura. Izan ere, antxoa helduen datuak antxoa gazteen biomasarekin uztartu behar izaten ditu. Azterketa hori udazkenean egin ohi dute. Horrez gain, antxoaren iraupenari eragiten dioten ingurugiro baldintzak hartzen dituzte aintzat.

Azterketa horien helburua antxoaren ugaritasuna eta banaketa kalkulatzea da, datu horiekin biomasa modu jasangarrian kudeatu ahal izateko.

Europako Batasunak ezartzen duen arrantza kuota kalkulatzeko funtsezko datuak eskaintzen ditu AZTIren neurketak. Halaber, datu horiek oinarrietako bat izaten dira antxoaren biomasaren azken analisirako. ICES Itsasoaren Esploraziorako Nazioarteko Kontseiluaren antxoa, sandina eta txitxarro lantaldeak egin ohi du kalkulu hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.