Antxoa populazioa azken 30 urteetako onenean dago Bizkaiko golkoko uretan

Aztik 225.000 tona antxoa daudela kalkulatu du aurtengo Bioman kanpainaren datuekin. Elikagaien azaleratzeak eta harrapaketen kudeaketa jasangarriaren arrakastak ekarri du emaitza oparoa. Urtebeteko antxoa asko dago. Bideoa albistearen bukaeran.

Antxoa populazioa azken 30 urteetako onenean dago Bizkaiko golkoko uretan.
Irune Lasa.
Pasaia
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Antxoa asko dago, baina txikia. Arrantzaleek antxoaren kanpaina honetan izandako irudipenak berretsi dituzte maiatz honetan Aztik egindako neurketek. Bioman kanpainari esker, arrantzaleen usteei datuak jarri dizkiete Azti Tecnaliako zuzendari nagusi Rogelio Pozok eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkuek atzo egindako prentsaurrekoan.

Bioman kanpainaren arabera, 225.000 tona antxoa daude gaur egun Bizkaiko golkoan. Azti 1987an hasi zen antxoa arrautzen kopurua ikertzen espeziearen biomasa kalkulatzeko, eta 30 urteotako emaitzarik onena izan da aurten. Antxoaren biomasak aise gainditzen du adituek espeziearen iraunkortasuna bermatzeko beharrezko ikusten duten 21.000 tonako gutxieneko biomasa.

Pozoren arabera, hainbat faktore daude oparotasun horren atzean. Arrazoi horietako bat naturala da: azaleratzea oso ona izan da. Itsaslasterrek ur sakonetako elikagai gehiagoko urak azaleratu dituzte, eta, oraingoan behintzat, ekialdeko haizeak ez ditu itsas barrenegira eraman. Ondorioz, antxoaren hilkortasun naturala mugatua izan da.

Eta gauza bera gertatu da hilkortasun artifizialarekin, hots, arrantzaleen harrapaketekin. «Jasangarritasuna arrakastatsua da», ondorioztatu zuen iaz Aztiko zuzendariak. Haren ustez, emaitza hauek erakusten dute zenbat balio duten harrapaketa mugatzeko neurriak. Antxoaren arrantza kuota gaur egun 33.000 tonakoa da.


Diru sarreren %30-40

Antxoa espezie garrantzitsua da arrantzaleentzat, haien diru sarreren %30-40 etor daitezkeelako antxoaren salmentarekin. Leandro Azkuek gogora ekarri zuen nola antxoaren arrantza etenda egon zen aldia —2005etik 2009. urtera— mugarri izan zela arrantzaleentzat. Eta, ildo horretan, azpimarratu zuen arrantzaleek eurek harrapaketen kudeaketan elkarlanean egiten duten lana eta horrek biomasa suspertzen duen eragina. «Antxoatan aritzen diren ontziak 180 inguru dira, eta elkarlana ez da erraza izaten». Eta, hala ere, bat egin dute, esaterako, geldialdiak egiten, eta antxoa txikiegia ez arrantzatzeko etenaldiak egiten, biomasari kalte ez egiteko eta prezioei eusteko. Azkuek azaldu zuenez, aurten ere, iazko kanpainan bezala, Getaria eta Hondarribi arteko uretan bi astean antxoarik ez harrapatzea erabaki zuten arrantzaleek, arrainaren neurri txikia ikusita.

Izan ere, kopuruaz gain, antxoaren tamaina ere garrantzitsua da arrantzaleentzat. Kiloko 30-32-35 aleko tamainako antxoa saltzen diete kontserba fabrikei, hots, freskoan kontsumitzeko saltzen dena baino handiagoa —kiloko 40-45-60 ale—. Horrek eragina du prezioan, eta arrantzaleak kexu dira aurtengo kanpainan antxoa txikia zela. Bioman kanpainak berretsi du normalean baino handiagoa izan dela bildutako urtebeteko antxoen ehunekoa, %83koa, aurreko urteetan %70 ingurukoa izan denean.

Edonola ere, aldaketa nabarmenik ez bada gertatzen eta udazkenean antxoa gazteen zenbaketak kopuruak berresten baditu, datorren udaberrian ale handiagoak arrantzatzeko aukera gehiago izango dituzte.

Bioman kanpainari udazkenean antxoa gaztearen biomasa neurtzen duen Juvena kanpaina gehituko zaio, baita frantziarren Pelgas ikerketa kanpaina ere. Datu horiek guztiak izango dira datorren urteko antxoa kuotak ezartzeko oinarri zientifikoa.

[youtube]https://youtu.be/MU1-o5LDLu0[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.