Futbola

Ligarik ez da izango astelehenetan

Astelehenetan ezingo da partidarik jokatu, Madrilgo auzitegi batek hala ebatzita. Partzialki onartu du neurria Sanchez Magro epaileak. Neurriaren ondorioz, beste egun batean jokatu beharko da Eibarren denboraldiko lehen partida.

Alavesen eta Realaren arteko euskal derbia. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2019ko abuztuaren 9a
16:22
Entzun

Madrilgo Merkataritza Auzitegiak ebatzi du neurria: astelehenetan ez da partidarik izango; bai, ordea, ostiraletan. Andres Sanchez Magro epaileak onartu egin ditu futbol partiden ordutegiei buruzko neurriak, Espainiako Ligaren eskaria partzialki onartuta. Hori dela eta, hilaren 16an hasiko da 2019-2020ko denboraldia, ostiralez, Athleticen eta Bartzelonaren arteko partidarekin.

Iragan asteazkenean Carmen Perez RFEF Espainiako Futbol Federazioko epaileak harturiko erabaki baten ondotik iritsi da ebazpena. Kasu hartan, lehen hiru jardunaldietako astelehen eta ostiraletako partiden data eta ordutegia moldatzea erabaki zuen epaileak. Sanchez Magro epailearen neurriak, baina, deuseztatu egin du erabaki hori.

Hemendik aurrera, ostiraletan, larunbatetan eta igandetan jokatu ahal izango dira partidak; ez, ordea, astelehenetan. Hala, moldaketak izango dira denboraldiaren hasierako zenbait partidatan. Horien artean da Eibar eta Mallorcaren arteko partida: hilaren 19an egin behar zen, astelehenean; ostera, beste egun batean jokatu beharko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.