Argentina

Fernandezek aurrea hartu dio Macriri Argentinako primarioetan

Botoen %47,27 eskuratu ditu Fernandezen Frontea Denontzat alderdiak, eta %32,33 Macriren Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioak. Urriko presidentetzarako bozen atarian, hauteskunde primarioak egin dituzte Argentinan.

Alberto Fernandez eta bere kideak, Buenos Airesen, garaipena ospatzen. ENRIQUE GARCIA MEDINA
2019ko abuztuaren 12a
07:10
Entzun

Alberto Fernandez hautagaia gailendu du da Argentinan PASO Hauteskunde Primario, Ireki, Aldi bereko eta Derrigorrezkoetan. Lehen datu ofizialen arabera, hamabost punturen aldea atera dio Fernandezek Mauricio Macri presidentearen hautagaitzari: botoen %47,27 eskuratu ditu Fernandezen Frontea Denontzat alderdiak, eta %32,33 Macriren Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioak. Parte hartzea %75 inguru dela azaldu du Argentinako Barne Ministerioak. Urrian egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak Argentinan, eta haren aurreko primarioak dira atzo egindakoak.

Cristina Fernandez presidente ohia da Fernandezen zerrendako bigarrena eta presidenteorde izateko hautagaia. Hura gobernuan zenean jarri zituzten martxan PASO boz primarioak. 2015ean, Macrik irabazi zituen hauteskundeak, eta peronistei gobernua kendu; Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioan aurkeztu du oraingoan, eta haiekin dago Miguel Angel Pichetto senatariak ordezkatzen duen peronismoa ere.

"Argentinak entzun du gure mezua", esan du Fernandezek lehen emaitzen berri izan ondoren: "Mila esker denoi, bihotzez, ziur bainago Argentinak beste historia bat eraikitzea behar zuela". Cristina Fernandez presidente ohiak ere ospatu ditu emaitzak: "Argentinar askok ulertu dute gauzak aldatzeko garaia dela".

Macrik aitortu du emaitza "txarrak" izan dituztela, eta adierazi du horrek "ahaleginak bideratzera" behartzen dituela, urriko hauteskundeetan "aldaketarekin jarraitzeko behar dugun babesa lortzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.