Guatemalako hauteskundeak

Alejandro Giammattei kontserbadorea izango da Guatemalako presidente

Vamos alderdi kontserbadoreko hautagaiak botoen %59,63 lortu ditu. Ia hogei puntuko aldea atera dio Sandra Torres sozialdemokratari. Parte hartzea %42koa izan da.

Alejandro Giammattei presidentegaia eta Guillemo Castillo haren hautagaitzako bigarrena, gaur, Guatemalako Hirian.
Alejandro Giammattei presidentegaia eta Guillemo Castillo haren hautagaitzako bigarrena, gaur, Guatemalako Hirian. Esteban Biba / EFe

Berria -

2019ko abuztuak 12

Lehen itzuliko emaitzak irauli, eta, laugarrenez Guatemalako presidentetzara aurkeztu ondoren, Alejandro Giammatteik lortu du hauteskundeak irabaztea. Hauteskunde batzordeak emandako emaitzen arabera, Vamos alderdi kontserbadoreko hautagaiak botoen %59,63 lortu ditu —botoen %95,4 zenbatuta—. Sandra Torres sozialdemokrata izan zen garaile lehen itzulian, baina ez du lortu hari aurrea hartzea: Giammatteik ia hogei puntuko aldea atera dio. "Oso hunkituta gaude, logikoa den gisan", esan du espetxe zuzendari ohi eta Guatemalako hurrengo presidenteak: "Hamabi urte izan dira borrokan, ez kargu batera iritsi eta hura luzitzeko; hamabi urtez itxaron dut nire herriaren zerbitzura lan egiteko". Giammatteik 2020ko urtarrilean hartuko du gobernua. Parte hartzea %42koa izan da.

Duela lau urte, Otto Perez Molina orduko jarduneko presidentea eta haren gobernuko zenbait kide espetxean sartu zituzten, ustelkeria leporatuta. CICIG Guatemalako Inpunitatearen Aurkako Nazioarteko Batzordea —NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta— eta Ministerio Publikoa —Thelma Aldana fiskal ohia buru zuela— eredu bilakatu ziren ustelkeriaren aurkako borrokan, baina Jimmy Morales jarduneko presidenteak gogor egin zuen haren aurka, eta atzoko bigarren itzulira pasatu ziren hautagaiek ere ez dute CICIG babestu. Aldiz, Giammatteik Perez Molina espetxeratuaren eta Moralesen aldekoen babesa izan du.

Ekainean, hauteskundetako lehen itzulian, botoen %26 lortu zituen Torres hautagaiaren UNE Itxaropenaren Batasun Nazionala alderdi sozialdemokratak, eta haren atzetik geratu zen Giammatteiren Vamos kontserbadorea (%14). Bigarren itzuliaren ondoren, Torresen kanpaina arduradunak aitortu du Giammatteiren garaipena, eta esan du prest daudela harekin lankidetzan aritzeko "herrialdea aurrera ateratzeko".

Giammattei bi urtez izan zen Guatemalako presondegi sistemako arduradun nagusia, 2006 eta 2008 artean. 2006ko irailaren 25ean, 3.000 polizia eta militar sartu ziren Fraijanes herriko Pavon presondegira, kartzelaren kontrola berreskuratzeko helburuarekin. Zazpi preso hil zituzten, eta Giza Eskubideen Prokuradoreak adierazi zuen "epaiz kanpoko exekuzioak" izan zirela. Auzipetu zituzten orduko funtzionarioak —tartean Giammattei bera—, baina azkenean absolbitu egin zituzten denak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna