Migrazioak

Salvinik 'Open Arms' ontziko 28 adingabeen lehorreratzea baimendu du, bere "borondatearen kontra"

Fiskaltzak ontzi barruan dauden 134 migratzaileei osasuna azterketa egiteko galdegin du. Halaber, fiskaltza ikertzen ari da migratzaileak zergatik dauden oraindik ere blokeatuta Lampedusa uhartearen parean.

'Open Arms' ontziko migratzaile talde bat, atzo, Lampedusa pareko uretan, portu seguru batean lehorreratzeko baimenaren zain. FRANCISCO GENTICO, EFE
2019ko abuztuaren 17a
17:04
Entzun

Matteo Salvini Italiako Barne ministroak amore eman du, eta Open Arms ontziko adingabeak lehorreratzeko baimena sinatu du. Argi utzi nahi izan du bere "borondatearen kontra" hartu duela erabakia. La Repubblica egunkarira bidali duen eskutitzean azaldu duenez, Giuseppe Conte lehen ministroak eskatu diolako eman du baimena. Ondorioz, ontzian dauden 134 migratzaileetako 28 adingabeak Lampedusan lehorreratuko dira datozen orduetan. Italiako Polizia Lampedusako portuan dago jada, migratzaile adingabeen lehorreratzerako lanetan.

Contek bigarrenez bidali dio eskutitz bat Salviniri open Armseko adingabeen lehorreratzea baimendu dezan. Barne ministroak erantzun dio jaso duela haren mezua, eta bete egingo duela ados ez egon arren, gobernuarekiko "elkarlan leialaren erakusle".

Open Arms-ek goizean ohartarazia zuen ontzi barruko egoera "jasanezina" zela eta ez zela gai ontziko 134 migratzaileen eta 19 boluntarioen segurtasuna bermatzeko. Oscar Camps kapitainaren esanetan, ontziko egoera "kontroletik kanpo" zegoen. "Borrokak eta eztabaidak etengabeak dira". Horrenbestez, "beharrizan egoera" izendatu du.

Ontziak 16 egun daramatza portu seguru batera sartzeko baimenaren zain. Ostegunaz geroztik, Italiako uretan da, Lampedusa uhartetik gertu, baina, porturatzeko baimenik gabe, hala ere. Agrigentoko Fiskaltzak pertsonak bahitu ote dituzten argitzeko ikerketa bat zabaldu zuen, atzo, Open Arms-eko abokatuen salaketei erantzunez. Fiskaltza ikertzen ari da zergatik dauden oraindik ere blokeatuta ontziko 134 migratzaileak Lampedusako kostaren parean. Italiako Kostaldeko Guardiak adierazi du ez duela eragozpenik ikusten migratzaileak lehorreratzeko. Bestalde, fiskaltzak agindu du mediku talde batzuk bidaltzea ontzira, migratzaileei osasun azterketa egin diezaieten.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.