ARRAUNA

Hondarribiak eta Oriok irabazi dute Zarautzen

Hondarribiarrek Oriori hartu diote aurre, eta bigarren dira orain Eusko Label ligako sailkapen nagusian, oriotarren atzetik. Euskotren ligan, berriz, Oriok marka berria ezarri du lehia amaituta: 55 puntu. 

Orioko patroi eta arraunlariak, Euskotren ligako garaikurrarekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
2019ko abuztuaren 19a
17:02
Entzun

Larunbatean, Zarauzko Estropadetako lehen jardunaldian hasitako lana biribildu zuten Hondarribiak eta Oriok atzo, Eusko Label eta Euskotren ligan. Bezperan egin bezala, biek irabazi egin zuten. Hondarribiarrek ia bost segundo atera zizkieten oriotarrei, eta, guztira ia hamar segundoren aldeaz nagusitu ziren. Santurtzi sailkatu zen hirugarren, eta Zierbena laugarren. Eusko Label ligako saikapen nagusian, Oriok tinko dihardu lehen postuan. 175 puntu ditu, Hondarribiak eta Santurtzik baino hamasei gehiago. Behetik, San Pedro eta Astillero berdinduta daude 32 punturekin, azken-aurren eta azken postuan.

Euskotren ligan, berriz, Oriok handikiro ospatu zuen astebete lehenago irabazitako liga. Ia hamabi segundo atera zizkion Arraun Lagunaki, hemezortzi Donostiarrari eta 27 Hondarribiari. Bi jardunaldiak kontuan hartuta, berriz, oriotarrek ia hamabost segundoren aldea atera zioten Arraun Lagunaki, 31 Donostiarrari eta 48 Hondarribiari. Zarautzen lortutako garaipenarekin, gainera, marka ezarri du Txiki ontziak Euskotren ligan: 55 puntu. Puntu bakarrak egin dio ihes. Hala, hobetu egin du iaz San Juanek egindakoa.

KAE 1 ligan, berriz, Donostiarra B-k irabazi zuen Pedreñan (Espainia), Getariaren eta Zarautzen aurretik. Estropada baten faltan, Zarautzek ziurtatua du titulua, eta kanporaketan aritzea. Deustu da bigarren sailkapen nagusian, 162 punturekin, eta Getaria hirugarren, 151 punturekin. Ezusterik ezean, Bizkaiko ontzia ariko da Zarautzekin batera kanporaketan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.