Donostiako Aste Nagusia

Eneko Goia alkateak esan du udalak erantzun egokia eman diela erasoei

Udalak jaien balantzea ona dela esan duen arren, "penatuta" daude erasoak eragotzi ezin izan dituztelako.

Eneko Goia alkatea, gaurko prentsaurrekoan.
Eneko Goia alkatea, gaurko prentsaurrekoan. Gorka Rubio / Foku

June Romatet -

2019ko abuztuak 19

Donostiako Aste Nagusiaren inguruan balantzea egin du gaur goizean Eneko Goia Donostiako alkateak. Egitarauari dagokionez, balorazio ona egin duen arren, erasoekin kezkatuta agertu da: “Nik esan nuen balantzea egitean erasorik gabeko jaiak izan genituela esatea gustatuko litzaidakeela, baina zoritxarrez ezin dut hitza bete”, esan du Goiak jaietan gertatutako erasoen inguruan. Udalaren aldetik erantzun ona izan dela iruditzen zaiola adierazi du alkateak, “berri txarrena da, ordea, erasoak saihestu ezin izan direla”, aitortu du. “Guk bost salaketa formalen berri dugu, hala ere, horrek ez du esan nahi ez direnik beste hainbat eraso gertatu”, argitu du.

Berri txarrak erasoak izan direla azaldu du, baina egitarauari dagokionez, balorazio ona egiten dutela eta lanarekin gustura daudela esan du. Su artifizialen balorazioarekin hasi da: “Ondo funtzionatu du badiaren erdiko plataformak, eta beharrezkoak ziren neurriak bete dituzte parte hartzaileek”, esan du. Gutxi gorabehera, 700.000 lagun izan dira aste osoan suak ikusten; besteak beste, hondartzetan, kaian eta pasealekuetan. “Jaiak bi zatitan banaturik egon direla ematen du, astearen lehen erdian baino jende gehiago egon delako bigarrenean, seguruenez eguraldiagatik”, azaldu du. Gainera, aste osoan DBus’konpainia 761.824 lagunek erabili dute, eta esan du bidaia gehienak batez ere suak baino lehen eta suen ondoren izan direla.

“Jaien hasierak ere arrakasta izan zuen, berrikuntza zen gazte ‘holi fest-a’ egin zen, eta 6.000 lagun batu ziren”, esan du; Realeko nesken garrantzia ere aipatu du. Berrikuntzak izandako arrakastagatik, hurrengo urteetan seguruenik ere egingo dela aipatu du.

Sagueseko kontzertuez ere aritu da, eta joan den urtearekiko jendearen parte hartzea %10 igo dela esan du. Saguesen emandako kontzertuetara jende asko bildu da: gutxi gorabehera, 18.500 ikusle izan ziren Macaco taldearen kontzertuan, 17.000 Lola Indigorenean, 15.000 Hombres G-renean eta 12.000 Esne Beltza eta Huntzarenean, talde horiek biak izan dira Saguesen aritu diren talde euskaldun bakarrak.

Bestalde, Konstituzio Plazan, Antiguan, Amaran eta Grosen egon diren kontzertu eta egitasmoetan parte hartze handia izan dela eta horrek pozten dituela aitortu du Goiak. Azkenik, esan du egokiak izan direla Zurriolako hondartzan eta Kursaaleko terrazetan hartutako segurtasun neurriak, eta funtzionatu dutela. Esan du, halaber, hondartza argiztatua izateak hondartzako erasoak saihestea lortu dutela eta segurtasunean lanean ari zirenek alkohola kontrolatzea lortu zutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna