Espainiako Vuelta

Roglicek ez du arrakalarik

Esloveniarrak sendo eutsi dio Espainiako Vueltako lehen postuari mendiko etapa gogorrenetariko batean. Jakob Fuglsangek irabazi du etapa, itzuli handi batean irabazten duen aurrenekoa.

Jakob Fuglsang La Cubillao helmugan sartzen. JAVIER LIZON / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 9a
07:06
Entzun

Astanak ihesaldian, eta Astana tropela. Elastiko urdin argia duen taldeak eman du zeresan handiena Espainiako Vueltako 16. etapan. Jakob Fuglsangek (Astana) altxatu ditu besoak La Cubillako helmugan, eta, faboritoen arteko lehian, Miguel Angel Lopez izan zen oldarkorrena. Kolonbiarraren saiakerak, baina, uzta txikia lortu du, Primoz Roglic (Jumbo) liderra eta Tadej Pogacar (UAE) hirugarren sailkatua berarekin helmugaratu direlako. Alejandro Valverdek (Movistar), berriz, 23 segundo galdu ditu helmugan. Orain 54 segundoren aldea du Pogacarrekiko eta 1.11koa Lopezekiko.

Primoz Roglicek esku-eskura du bere ibilbideko lehen itzuli handia. 2.48ren aldea du Alejandro Valverderekiko, eta dagoeneko ez da gelditzen mendi etapa oso gogorrik. Gelditzen dira mendiko egunak, baina, La Cubillan alderik galdu ez badu, kostata galduko du azken asteko maldetan. La Cubillan, gainera, sendoena bera dela erakutsi du. Haren atzetik doazen hiru txirrindulariak elkarri mokoka aritu dira, eta hark ondo kontrolatu ditu eraso guztiak. Horri esker 23 segundoan ireki du Valverderekiko aldea. Sailkapen nagusiari dagokionez, podiumean zein lagunduko duten da interesgunea orain. Nairo Quintanak (Movistar) bi minutu eta erditik gorako aldea galdu du.

Etapak bi interesgune izan ditu, ihesaldia eta tropela. Tropelak ia hogeita hamar laguneko ihesaldia onartu du, eta tartean sartu dira Mikel Bizkarra (Euskadi-Murias) —zazpigarren helmugan— eta Imanol Erbiti (Movistar). Tarte handia lortu dute, eta azken igoeran Astanaren taktikak fruitua izan du. Lehenbizi, helmugatik 9,6 kilometrora, Luis Leon Sanchez izan da ihesaldia saretu duena erritmo bizituz, eta 4,3ra Fuglsangek eman dio jarraipena. Hasieran Gianluca Brambilla (Trek)izan du alboan, eta gero atzean utzi du. Bigarren helmugan Tao Geoghegan (Ineos)izan da, 22 segundora. Fuglsangek garaipen zerrenda oparoa da, baina hauda itzuli handi batean irabazten duen lehen etapa. Aurretik bost aldiz izan da bigarren.

Tropelean, aldiz, espero baino mugimendu gutxiago egon da. Mendiko etapa gogorra zen, eta Jumbok kontrolpean izan du helmugarako bost kilometro falta ziren arte. Roglic lau taldekiderekin iritsi zen La Cubillako azken maldetara. Orduan iritsi da Lopezen erasoa, eta harekin egin dute aurrera Pogacarrek eta Roglicek. Valverdek ahal bezainbeste eutsi die, baina amore eman du azken metroetan. Asteartean atseden eguna izango da Vueltan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.