Pilota

Pilota gogorragoak erabiliko dituzte Emakume Master Cupen

Jokoaren abiada bizitzea eta ikuskizuna hobetzea da aldaketaren helburua. Pilota biguneko eta mistoko txapelketak jokatuko dituzte lau eta erdikoan.

Olatz Arrizabalaga pilotakada bat jotzen Emakume Master Cup txapelketaren aurkezpenean.
Olatz Arrizabalaga pilotakada bat jotzen Emakume Master Cup txapelketaren aurkezpenean. Aritz Loiola / Foku

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko irailak 10

Emakume Master Cup Txapelketek aldaketa handia izango dute aurten. Orain arte pilota goxoarekin jokatu dira bakarrik; lau eta erdikotik aurrera, baina, mistoa ere erabiliko dute. Toke erdiko pilota da, goxoa baino bizi eta gogorragoa, eta, era berean, eskuentzat kaltegarriagoa. Pilotari gazteenak, txikitatik hasi eta esku-huska inoiz utzi ez dutenak, ohituta daude pilota horietara.p>

Pilota mota berriarekin ikuskizuna hobetzea espero du Iker Amarika antolatzaileak. «Jokoaren abiada bizituko du, eta kirol maila hobea eskatuko die pilotariei. Hobeto prestatu beharko dute euren burua». Antolatzaileek, baina, ez dute inor kanpoan utzi nahi, eta apurka egin nahi dute pilota gogorragoarekiko trantsizioa. Ondorioz, lau eta erdiko lau txapelketa jokatuko dira: pilota mistokoa, eta pilota biguneko hiru: hastapen, promozio eta lehen mailakoak. Txapelketak urriaren 12an hasiko dira. Finalerdiak abenduaren 1ean jokatuko dira, Galdakaon (Bizkaia), eta finalak 15ean, Barakaldon (Bizkaia).p>

Emakume Master Cup txapelketa irekia da, nahi duenak eman dezake izena, eta, orain, parte hartzaileei dagokie erabakitzea zer pilotarekin jokatuko duten. Hilaren 30era arteko epea dute izena emateko. Olatz Arrizabalaga iazko txapeldunak, esaterako, ez du argi. «Oraindik erabakitzeke nago. Mistoak entrenatzea eta eskuak gogortzea eskatzen du. Urte osoan bigunarekin jokatu dugu, eta mistora igarotzea jauzia da». Oihana Aldai iazko promozio mailako iazko txapelduna ataka berean dago. Aurkezpenean egon da, eta, udan pilota mistoko torneo bat jokatu badu ere, ez daki zer mailatan emango duen izena.  

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna