Lan harremanak

FEADRS patronalak lanbide arteko akordioa desagerrarazi nahi duela salatu dute sindikatuek

Talde handientzako sukaldaritzaren Espainiako patronalak ez du atzera egin Lan Harremanen Kontseiluan egon den bileran, eta ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta Confebaskek egindako sektore arteko euskal esparru akordioa epaitegira eramango du.

Eurest enpresak ustiatzen duen sukaldeetako bat.
Eurest enpresak ustiatzen duen sukaldeetako bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Xabier Martin -

2019ko irailak 12

ELA sindikatuko Negoziazio kolektiboko arduradun Pello Igeregiren hitzek neurria ematen diote FEADRS patronalaren salaketaren erasoari: "Patronal ultra eta esplotatzaileek ez lukete lekurik izan behar hemen". ELA protestan aritu da Lanbide arteko euskal esparru akordioaren sinatzaileek eta hura salatu duen patronalak bilera egiten zuten bitartean, Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluan. Tramiteko urrats bat baino ez da izan, talde handientzako otorduak ematen dituzten enpresen patronalak argi duelako ez duela oztoporik nahi Espainiako kolektibitateen hitzarmena aplikatzeko, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere.

Lanbidearteko akordioa da EAEko negoziazio kolektiboaren egitura finkatzen duena, eta hari esker, EAEko lan-hitzarmenek lehentasuna dute Espainiako hitzarmenen aurretik. Hemengo lan itunek lan baldintza hobeak dituzte, "eta  horren jakitun, enpresarioen jopuntuan dago orain", ELAren arabera. Espainiako FEADRS patronalak demanda jarri zuen abuztuan lanbide arteko akordioaren kontra, euskal hitzarmenen lehentasuna bertan behera uzteko, "lan baldintzak okertu ahal izateko".

Pello Igeregik argi utzi du "injerentzia onartezina" dela Espainiako patronalaren ekina. Demanda sartuta, FEADRSek bi helburu lortu nahi dituela uste du sindikatuak: "EAEko sukaldaritza kolektiboaren sektorean nagusi diren sindikatuen negoziazio kolektiborako eskubidea galarazi" —ordezkaritza sindikalaren %80tik gora dute—, "eta EAEko patronalak eta sindikatuek egindako lanbide arteko akordioa zalantzan jarri".

Horrez gain, FEADRSek langileei kanpoko hitzarmenen baldintza kaskarrak ezarri nahi dizkietela garbi dauka ELAk. Eurest, Auzolan, Serunion, Sodexo eta Aramark dira patronaleko kide, besteak beste. sektoreko kide. "Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hitzarmenetan jasotako soldata %50 murriztu nahi dute, eta lanaldi luzatu". Pello Igeregi ELAko kidearen ustez, “Eusko Jaurlaritzak eten egin beharko lituzke patronal honetako enpresekin dituzten harremanak; izan ere, negozioaren zatirik handiena administrazio publikoan dute”.

 

FEADRSen bigarren saioa

FEADRS patronalak eragin du lan harremanen estatalizazioaren auzia bere gordinean erakusten duen sestra, eta ez da berria zeregin horretan, patronal horrek lanbide arteko esparru akordioa inpugnatzeko beste saio bat egin baitzuen 2018ko hasieran. Apirilerako uko egin zion bide horri, ordea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari jakinarazi zion ofizialki uko egiten ziola salaketari. Tartean Euresten eta ELAren arteko akordio bat egon zen. Sindikatuak deitutako greba bertan behera geratu zen, eta Eurestek lortu zuen FEADRS patronala atzera egitea itunaren salaketan. Epaiketaren bezperan bertan behera geratu zen prozesua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna