Pilota

Aimar Olaizolak uko egin dio lau eta erdiko txapelketa jokatzeari

Lesioa ongi osatzen ari zaio, baina adierazi du oraindik ez dagoela %100ean. Binakako txapelketarako zaintzea lehenetsi du.

Aimar Olaizola eta Jokin Altuna, iazko buruz buruko txapelketaren finalean.
Aimar Olaizola eta Jokin Altuna, iazko buruz buruko txapelketaren finalean. Aritz Loiola/Foku

Berria -

2019ko irailak 12

Buruz buruko txapelketa galdu zuen lehenik, eta lau eta erdikoari uko egin dio orain. Aimar Olaizolaren falta sumatuko dute zaleek kaiolan. Pilotari goizuetarrak azaldu duenez, joan den otsailean izan zuen lesiotik ongi ari da osatzen, baina oraindik ez da guztiz indarberritu. Hori dela eta, lesio arrisku oro ekidin nahi du, binakako txapelketara sasoi betean heltzeko.

Olaizola II.ak eskuin hankako koadrizepsaren tendoian hartu zuen min, Jon Ander Albisurekin batera binakako txapelketa jokatzen ari zela. Bikoteak emaitza onak lortu zituen ligaxkan: 11 jardunaldi jokatuta, hirugarren postuan ziren, zazpi partida irabazita eta lau galduta. Goizuetarrak lehiaketa utzi behar izan zuen, ordea, eta Axier Arteagak hartu zuen haren tokia.

Lesioaren ondorioz, Olaizola II.ak ezin izan zuen buruz buruko txapelketan parte hartu. Goizuetarra falta zela egin zen buruz burukoa, lehenengo aldiz hemezortzi urtean. Aurreko aldian, buruz buruko finalerako sailkatu zen, eta txapeldunorde izan zen, Jokin Altunaren kontra 22-18 galduta.

Udan partida ugari jokatu baditu ere, Olaizola II.ak ez du bere burua erabat osatuta ikusten. Berriki jokatutako partidetan adierazia du ongi sentitzen dela, baina oraindik konfiantza falta zaiola zenbait mugimendu egiteko orduan. Badaezpada, arriskurik ez hartzea erabaki du. Binakakora arte itxaron beharko, Olaizola II.a berriro txapelketa nagusietako batean lehian ikusteko.

Goizuetarrak zazpi aldiz irabazi du lau eta erdiko txapela. Azkenengoz, 2013. urtean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna