Nahiko genuke

Ikoitz Arrese Otegi (EH BILDUren Hezkuntza idazkaria) - Itxaso Cuevas, (EH BAIko kidea)
2019ko irailaren 17a
13:32
Entzun

Jada ahaztuta ditugu deskantsurako hartutako opor egunak. Deskantsurako izan ahal izan diren kasuetan behintzat. Ikasturte politiko zein akademiko berriak hasi dira dagoeneko eta, berriz ere, gure egunerokoan murgilduta gaude. Dejavú bat bezala, betiko zurrunbilora bueltatu gara, Hezkuntza eremuan ere.
Nahiko genuke Ipar Euskal Herrian, Seaskak, behar duen egonkortasuna lortuko balu. Nahiko genuke euskararen zabalpenak sare publikoan arrakasta lortu eta normalizatuko balitz eta nahiko genuke Seaskak lortutako akordioa bururaino beteko balitz. Nahiko genuke normalizazioaren bidean euskararen ofizialtasuna lortuko balitz.
Nahiko genuke Parisetik inposatu duten ordenantza berria beteko ez balitz eta ikasgeletan Frantziar zein Europako ikurrak, Liberté-Égalité-Fraternité esaldia edota ereserki "nazionala" jartzera behartzeko asmoa bertan behera geldituko balitz. Nahiko genuke Jean-Michel Blancher ministroaren asmo jakobinoak etengo balira.
Nahiko genuke, finean, euskarazko hezkuntzaren kontrako erasoak geldituko balira eta ikasle euskaldunak heziko dituen hurbileko hezkuntza nagusituko balitz Ipar Euskal Herrian.
Nahiko genuke Nafarroan emandako Gobernu aldaketak hezkuntza modu alderdikoian baliatzeko tentazioa albo batera utzi. Nahiko genuke Trifatxitoaren presio atzerakoi eta espainolisten gainetik Nafarroak behar duen hezkuntza aurrerakoiaren aldeko hautuak aurrera jarraitu.
Nahiko genuke Skolaeren kontrako gurutzada eten eta Nafarroako ikastetxe guztietan, normaltasunez, hezkidetza proiektua aplikatuko balitz. Eta zergatik ez, nahiko genuke Euskal Herriko ikastetxe orotara zabalduko balitz. Nahiko genuke sindikatuekin egindako hitzarmena osotasunean beteko balitz. Nahiko genuke 0-3 zikloa Hezkuntzaren baitan antolatuko balitz eta doakotasunerantz pausoak emango balira. Nahiko genuke landa eremuko eskolek euren etorkizuna baldintzarik gabe ziurtatua izango balute. Nahiko genuke PAI bezalako programa segregatzaileekin bukatuko balitz eta nahiko genuke herrialde osoan euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko balitz. Alegia, nahiko genuke euskaraz ikasi ahal izateko 8 ikasleko ratio minimoa ezarriko ez balitz.
Oxala Nafarroako Hezkuntza kontseilari berriak, Carlos Gimenok, herrialdeko errealitatea aintzat hartu eta euskarazko hezkuntzaren kontrako jarrerarik izango ez balu. Eta nahiko genuke, Kontseilariak berak adierazi bezala, "bazterketarik gabeko Hezkuntza akordio sozial eta politikoa" erdiesteko baldintzak eraikitzen hasiko balira. Hau da, nahiko genuke Nafarroako hezkuntza sistemaren gaineko erabakiak Nafarroako hezkuntza komunitatearen esku geldituko balira, inposizioak alboratuz eta parte hartzean zein kontsentsuan oinarrituta.
Nahiko genuke EAEko Hezkuntza Sailak sindikatuekin lortutako akordioak xantaiarako erabili baino gure hezkuntzaren kalitatea, langileen lan baldintzak eta ikastetxeetako baldintzak kualitatiboki hobetzeko baliatuko balitu. Nahiko genuke honek hezkuntza proiektuei jarraikortasuna emanez ikasleak erdigunean jartzea ekarriko balu. Eta bide batez, nahiko genuke Gizarte Ekimenekoak gisara ezagutzen ditugun ikastetxeekin dagoen hilabeteetako gatazka lubakietatik atera eta konpontzeko borondatea agertuko balute patronalek eta Hezkuntza sailburuak.
Nahiko genuke euskara gaitasun egokia eta euskal kulturaren transmisioa gure sistemaren berezitasun nagusia balira eta azken hamarkadetako indikadore txarrenak izateari berehala utziko baliote. Nahiko genuke elikadura burujabetza oinarri gure ikastetxeetan sukalde propioak izango bagenitu eta jantoki huts izatetik jangela hezitzaileak izateko aukera zabalduko balitzaigu. Nahiko genuke, baita, baldintza kaxkarretan dauden ikasgela, korridore edota ikastetxeak konpondu eta berritzeko egiturazko plan erreal bat izango bagenu.
Nahiko genuke aukera berdintasuna eta ekitatea sistemaren ardatzak balira eta gure sistemak pairatzen dituen segregazio egoera guztiak gaindituko balira. Eta nahiko genuke jendarte arrakalari aurre egiteko egiazko borondatea eta neurriak ezarriko balira. Nahiko genuke interes ideologikoei erantzuten dien sistemaren pribatizazioarekin bukatuko bagenu eta nahiko genuke doako hezkuntza publiko, herritar eta burujabea izango bagenu.
Nahiko genuke Cristina Uriartek bere burugogorkeria behingoz alboratu eta hezkuntza komunitate guztiaren arteko Hezkuntza Akordio bat lortzeko urratsak emango balitu. Nahiko genuke Sailburuak behin eta berriz aipatu duen Hezkuntza legeak merkatuaren logikari muzin egin, pribatizazioari ateak itxi eta bestelako hezkuntza eredu bat bultzatuko balu. Nahiko genuke balizko lege horrek EAErako estatuz politiko berri baterako Autogobernu Ponentziak agindutako hezkuntza eskuduntza esklusiboak aitortu eta garatuko balitu.
Finean, nahiko genuke Oreretako alkate ohi Julen Mendozak hezkuntzaren inguruan joan den ekainean esandako hitz eraikitzaile eta sakonak mandatari eta bozeramaile gehiagoren ahotan entzun eta Orereta, Orio, Azpeitia, Oñati, Baztan, Baigorri, Sara, Aramaio, Larrabetzu edota Dima bezalako esperientzia hezitzaileak biderkatuko bagenitu.
Nahiko genuke J.M. Bujandaren azken hitzak beteko balira: "Hezkuntza sistema propioa behar dugula ukagaitza da, gurea, bertokoa, gure bertuteei erantzungo diona, gure idiosinkrasiari eta berezitasunei; euskal jendarte gisa gure beharren mesedera egongo dena".
Nahi eta desio guzti horietatik harago, EH Bilduk eta EH Baik herriz herri zein instituzioetan hezkuntza proiektu eraldatzaileak sustatzen jarraituko dugu. Ikastetxe, herri zein erakundeetatik, euskaran eta aukera berdintasunean proiektuak garatzea posiblea delako. Euskal Herria Herri Hezitzailea izateko aukerak baditugu. Ezker independentismotik hezkuntza eskaintza integral bat eskaini behar diogu gure herriari, eta horrek tokian toki eta lurralde ezberdinetan Hezkuntza sistema publiko eta burujabearen aldeko dinamikan jarraitzea datza, inposizioei aurre egin eta proposamen politiko tinko eta egingarria plazaratuz. Nahiko genuke lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.