Enpresak

Frantzian lehen kontratu handia lortu du CAFek, gutxienez 700 milioikoa

Beasainen ez ezik, Bagneres de Bigorreko fabrikan ere egin dituzte SNCFren trenak. Alstomek dio Alsaziako lantegi bat arriskuan jarri duela SNCFren erabakiak.

CAFek SNCFrako egingo duen trenaren irudia. CAF
Iker Aranburu.
2019ko irailaren 18a
07:23
Entzun

Alstom lehiakide handiaren etxean kontratua lortu du CAFek: 28 tren egingo ditu SNCF Frantziako trenbideetako enpresa publikoarentzat. 700 milioi euro jasoko ditu horren truke, baina baliteke gehiago izatea, 75 tren gehiago egiteko aukera zabalik utzi dutelako.

Aurretik lortu izan ditu CAFek kontratu gehiago Frantzian, baina txikiagoak izan dira. Horrela, tranbiak egin ditu Saint Etienne eta Besançon hirietarako, baita Naonederako (Bretainia) ere. Diesel trenak ere hornitu ditu Korsikarako, Proventzarako eta Centre eskualderako.

Oraingoan, ordea, SNCF da bezeroa, trenbide sare nagusia kudeatzen duen konpainia publikoa. «Oso garrantzitsua da, ez bakarrik alde handiz delako Frantzian inoiz lortutako kontraturik handiena, baizik eta Alstomen moduko erraldoi baten etxean lortu dugulako», aitortu diote CAFeko iturriek Berria-ri.

Bi ibilbidetan ibiliko diren trenak egin beharko ditu CAFek: Paris-Clermont Ferrand batetik, eta Paris-Limoges-Tolosa bestetik. SNCFk onartu du kontratua zabaltzeko aukera dagoela, eta kasu horretan CAFek egindako trenak Bordele-Marseilla linea estaliko lukete. TER edo hiri arteko lineak dira (Intercite, lehen), hau da, abiadura handiko trenbideak izan gabe distantzia nahiko luzeak betetzen dituztenak.

Corail trenak ordezkatuko dituzte

2023. urtean hasiko dira CAFen trenak erabiltzen, eta gaur egungo Corail trenak eta haien lokomotorak ordezkatuko dituzte pixkanaka (batzuek 40 urtetik gora dituzte).

SNCFk kaleratutako oharrak dio CAFen eskaintza izan dela onena «errendimendu teknikoari, berrikuntzari eta kostuari dagokionez». Erabakian ziuraski eragina izan du beste faktore batek ere: CAFek fabrika bat du Bagneres de Bigorren (Okzitania). 2008. urtean erosi zion aurreko jabeari, Souleri.

Atzo jakinarazitako kontratuak mesede egingo dio lantegi horri. Izan ere, CAFek 30 milioi eurotik gorako inbertsioak egingo ditu Bagneres de Bigorreko lantegian. 11.000 metro koadroko tailer berri bat eraikiko du, eta ehun lanpostu izatetik 350 izatera igaroko da. Trenen zati bat egingo dute lantegi horretan, eta gainontzekoak Beasaingo lantegi nagusian (Gipuzkoa).  

Alstomen kexuak

Kontratua oraindik ez dute sinatu, eta SNCFren Mobilites adarreko administrazio kontseiluak hartuko du hari buruzko azken erabakia, urriaren 24an. Trenbide konpainia publikoa presio handia jaso du lana Alstomen esku utz dezan. La Tribune egunkarian, Henri Poupart-Lafarge Alstomeko buruak ziurtatu zuen «trenak Espainian egiteak mesfidantzazko mezu oso indartsu bat igorriko lukeela Frantziako tren industriari buruz», eta enplegu galera eragingo lukeela. Alstomek dio SNCFren kontratua ez lortzeak arriskuan jarriko duela Reichshoffen herriko fabrika (Alsazia), eta 800 lanpostu.

Alstomeko sindikatuek ere esku hartu dute presioan. Elisabeth Borne Frantziako Trantsizio Ekologikoko ministroari gutun bat idatzi diote eskatzeko kontratua Alstomi emateko. Haien arabera, Reichshoffeneko lantegia ez ezik, Belfortekoa ere arriskuan legoke, eta ehunka lanpostu ere gal daitezke Frantzia ekialdeko industria osagarrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.