Bizkaiko metalgintza

Bizkaiko metaleko langileek eragile sozialen babesa jaso dute kalean

Milaka pertsonak itun "duin" bat eskatu diote FVEM patronalari. ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, USO, CNT eta CGT sindikatuez gain, Eragin gazte prekarioen plataformak, pentsiodunek, ikasle mugimenduak, mugimendu feministak eta Harro LGTBI plataformak babestu dute gaur goizeko manifestazioa.

jarraia171402.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko irailaren 21a
18:07
Entzun

Bizkaiko metaleko langileek hitzarmen “duin” bat eskatzen jarraitzen dute kalean. Maiatza eta ekainean sektoreko ekoizpena gelditzeko bost greba egun egin ondoren, eta hilaren 30etik urriaren 4ra beste horrenbeste egiteko bezperan, Bilboko kaleak bete dituzte gaur goizean. Hilabete hauetan guztietan behin eta berriro mobilizatu dira, eta FVEM patronalarekin izandako azken bileretan aurrerapauso txikiren bat eman dela esan du Eulate Zilonizaurrekoetxea LABeko arduradunak: “Maiatzeko eta ekaineko greba egunen ondorioz, irailean patronalak urrats bat eman du, baina proposamena urrun dago eskatzen dugunetik”. Horregatik, sektoreko sindikatuek argi esan diote mobilizatzen jarraituko dutela.

Negoziazio mahaian ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak dauden arren, hitzarmena lortzeko mobilizazioetan ESK-k, USOk, CNTk eta CGTk ere bat egin dute. Hala izan da gaurkoan ere, baina sindikatuei eragile sozialen babesa gehitu zaie. Eragin gazte prekarioen plataforma, pentsiodunak, ikasle mugimenduak, mugimendu feminista eta Harro LGTBI plataforma metaleko langileen alde atera dira kalera. Deigarria izan da, gainera, Harro plataformak manifestazioarekin bat egin duen momentua. Arriagako zubian amaitu da martxa, eta metro batzuk lehenago bide bazterrean zeuden plataformako kideak “Metalaren borrokaz harro! Gora borroken arteko elkartasuna” zioen pankartarekin. Manifestazio buruan sartu dira, eta metaleko langileek txalo eta Harroren aldeko oihuen artean hartu dituzte. Erantzun gisa, metaleko langileek parte hartuko dute arratsaldean LGTBI plataformak egingo duen mobilizazioan.

Ikusitakoa ikusita, sindikatu eta eragile sozialek batasun irudia eman dute. “Hitzarmen duin baten alde Bizkaiko metala greban” zioen pankartari eusten zihoazen sektoreko langileen ordezkariak, eta horien atzean sindikatu bakoitzeko bandera bana zeramaten kide gehiago. Pankarta nagusiaren atzean langileen aldarrikapen nagusiak biltzen zituzten lau pankarta gehiago lelo hauekin: “Subrogazioa”, “Aberastasuna banatu”, “Prekaritateari stop”, “Hitzarmen duin baten alde”. Pankarta horietako bakoitzaren atzean, sindikatuetako bandera bana zeramaten langile gehiago. Batasun irudia eman nahi izan dute horrela.

Eskaeretan ere, lau sindikatu nagusietako ordezkariek bat egin duten, eta patronalari beste behin euren eskaerei erantzuteko deia egin die: soldaten igoera erreala KPI gehi %1 izatea eskatu dute, azpikontraten subrogaziorako eskubidea, behin-behinekotasunaren aurkako neurriak hartzea, eta proposamen errealak lan osasuna bermatzeko eta genero berdintasunean sakontzeko. Horiei erantzun ezean gatazkak piztuta jarraituko duela ohartarazi die.

Manifestazioa lasai egin da, aurreko mobilizazio batzuetan izandako tentsio uneetatik urrun. Edozein modutan, martxaren ibilbide osoan Ertzaintzaren presentzia handia izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.