Pilota

Lau eta erdikoa, inoiz baino gazteagoa

Bengoetxea VI.a da txapelketan parte hartuko duen 30 urtetik gorako pilotari bakarra

Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, iazko lau eta erdiko txapelketaren finalean. IDOIA ZABALETA, FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 24a
13:39
Entzun

Aimar Olaizolak lau eta erdiko txapelketan parte hartuko ez zuela jakina zen. Goizuetako txapeldunak arreta binakako txapelketan jarri nahi izan du eta uko egin dio. Bere hutsuneak, eta hein batean Julen Retegirenak ere bai, asko jaitsi dute parte hartzaileen batez besteko adina. Gauzak hala, Oinatz Bengoetxea (Leitza, Nafarroa, 1984) eta Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo. Bizkaia, 1989) dira 1980eko hamarkadan jaiotako bi parte hartzaile bakarrak.

Eta Urrutikoetxeak jokatuko duen ere ikusteke dago. Abuztu erdi aldera hiru zentimetroko zuntz-haustura egin zuen ezkerreko bular aldean, eta oraindik osatze prozesuan dago. Hurrengo astean azterketak egingo dizkiote eta medikuen esku utziko du erabakia. Urrutikoetxeak urriaren 13an du lehen partida, Tolosan, Altuna III.aren aurka. Agian iritsiko da, baina kostata izango du entrenamenduren bat egiteko aukera.

Hamabi pilotarik hartuko dute parte txapelketan, eta azken bi urteetako eskema errepikatuko du: final-zortzirenetako lau kanporaketa, final-laurdenetako bi ligaxka ligaxka, bi finalerdi eta finala. Finala Iruñean jokatuko da, azaroaren 17an.

Final-zortzirenetako kanporaketak hauek dira:
A multzoari dagozkionak: Irribarria / Victor, urriaren 4an, Zallan (Bizkaia), eta Bakaikoa / Jaka, urriaren 5ean, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). A multzoko zerrendaburuak Urrutikoetxea eta Altuna dira.

B multzoari dagozkionak: Elezkano II.a / Laso eta Artola / Peio Etxeberria. Biak urriaren 7an jokatuko dira, Tolosan (Gipuzkoa). Multzoko zerrendaburuak Ezkurdia iazko txapelduna eta Bengoetxea VI.a dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.